4.0 industriari buruz hitz egiterakoan, teknologia berrien erabileraz harago, berrikuntza ezaugarri duten produktuen diseinua eta patenteak funtsezko elementua dira. Enpresetako I+G+b sailek eta teknologia-zentroek funtsezko zeregina dute berrikuntza eta ezagutzaren transferentzia bilatzeko orduan, baina, arlo horretan, ekintzailetzarako lekua ere badago.

Hori da Elequele startuparen kasua, zeina enpresa teknologiko gisa definitzen den. Merkatuaren beharrei erantzuteko lan egiten du, produktu berritzaileen lerroak garatzen, hazkunde potentzialean dagoen merkatu-nitxo bat dagoen industriako sektoreetan. Hasierako ideiatik hasi eta produktu optimizatu eta lehiakorrak lortu arte, oinarri teknologikoko zerbitzu integrala eskaintzen du.

Elequelek Elena Sardiña ingeniari mekaniko arabarra du buru, zeina Mercedes-Benzek Txinan duen lantegiaren Kalitate Kudeaketaren arduraduna izan zen. Ezagutza horrekin, enpresa uztea eta ekitea erabaki zuen, “jarraibideak markatu nahi nituelako eta aspalditik buruan nituen ideia batzuk plazaratu nahi nituelako”. “Nire lana proiektu honekin batera egiten saiatu nintzen, baina esfortzu handia eskatzen du. Hasieran, lanegun baten ondoren hasten nintzen garapenekin, baina, azkenean, % 100ean zentratu behar zara, bestela atzeratu egiten delako, eta hori ez da egokia. Lehen urratsa eman nuen SPRI Taldeari eta BIC Arabari esker, hasierako tutoretza egin baitzidaten, ingeniari mekanikoa bainaiz, baina enpresa bat eratzeko kontuei, finantzei edo lege-alderdiei buruz ez dudalako ideia handirik. Ekintzailetza-tailerretan ere izena eman nuen, eta urratsak ematen joan nintzen 2020ko irailera arte”.

Elena Sardiñaren helburu nagusia bere ideiak garatzea da, baina enpresak laguntzeko edo ideia-lehiaketa publikoetara aurkezteko atea ere zabalik dauka, baldin eta horietan berrikuntza funtsezko elementua bada. “Landu nahi dudan beharra edo produktua bilatzen dut. Diseinua eta garapena egiten ditut, eta industrializatzeko eta merkaturatzeko modua bilatzen dut. Nire irizpideen araberako proiektu bat garatzen dut, eta, gero, teknologia hori nola transferitu edo merkaturatu ikusi”.

Faseak

Edozein diseinu-proiektu berriri aurre egiteko, fase ezberdinak ezarri ditu Arabako ingeniari mekaniko honek: “Hasiera batean, oinarrizko kontzeptua garatzea da helburua. Aldi berean, eskala txikiko lehen prototipo funtzional bat egiten saiatzen naiz, maila mekanikoan eta funtzionamenduan konponbide posible bat dagoela ikusteko. Halaber, merkatuaren azterketa bat egiten dut bideragarritasunari eta egingarritasunari buruzko txosten batekin, eskaririk dagoen ikusteko. Eta, gero, nola edo hala, industrializazioan sartzen naiz batzuetan. Bestela, aurkezpen ona egin behar da etorkizuneko lizentziadun baten arreta erakartzeko. Diseinua, merkatu-azterketak, prototipoak eta merkaturatzea eta industrializazioa, eta, jakina, beti, beti, patentea. Kapitalaren gehiena horretan inbertitzen dut, patente batek eskaintzen duen lasaitasun hori beharrezkoa baita, negoziazioei eta kontsultei begira”.

Lehen garapen propioen artean, kafe-makina italiarrentzako kafe-aleak ehotzeko sistema bikoiztu bat nabarmentzen da. Arabako enpresa batekin batera industrializazioari eta merkaturatzeari aurre egingo diete, baina, aurretik, Holandan merkatu proba bat egingo dute. “Fase pilotu bat egitea da helburua, mundu mailan nola hasi ikertzeko”, zehaztu du CEOak.

Garatzen ari den beste produktu bat gariaren ordezko masak egiteko sukaldaritza-gailu bat da, “dieta osasungarrietara eta kirolarietara” bideratua; erabiltzaileari aukera ematen dio zer irin mota eta zenbat hautatzeko: “erabiltzaileak kontsumorako prest dagoen masa lortzen du, esate baterako, snack edo barra formatuetan. Irin-masen Nespresso moduko bat da”.

Lan ugari ari da izaten azken hilabeteetan ekintzaile hau, bandalismoaren aurkako sistema bat garatzen ari baita hiri-elementuetarako.

Egilea Admin