Dibalek fakturazio-software bat garatu du TicketBAI integratzeko

Dibal enpresa bizkaitarra merkataritzarako eta industriarako balantzen estatuko merkatuan liderra da, eta Europan erreferenteetako bat da. Software bat garatu du TBAI retaileko pisatze-ekipoetan integratzeko; hori da bere fakturazioaren % 80 baino gehiago hartzen duen segmentua. 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, nahitaez ezarriko da TicketBAI, hiru foru-aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak partekatutako proiektua. Estatuko 100 banaketa-kate nagusietatik 65etan eta mundu osoko 250 supermerkatu-katetan daude presente enpresaren balantzak.

Euskadin jarduera ekonomikoak garatzen dituzten enpresa edo autonomoek TicketBAIrekin bateragarria den fakturazio-softwarea erabili beharko dute fakturazio-sistema berria zehazteko. Software horrek kode enkriptatu bat sartuko du, dagokion Ogasunari helaraziko zaiona, eta salmentak ezkutatzea eragotziko du. Gainera, bezeroak momentuan egiaztatu ahal izango du legezkoa den ala ez zerbitzu edo produktu baten truke jasotzen duen tiketa, identifikatzeko oso erraza den QR kode baten bidez.

“Garatu dugun TicketBAIko softwarearekin Dibal balantzak erabiltzen dituzten dendek lasai lan egin ahal izango dute, Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Ogasunen baldintzak betetzen dituztela jakinda”, adierazi du Iratxe Berriozabal Dibaleko Marketin zuzendariak. Edozein fakturazio-softwarek ez du balio. “Foru Ogasunetan erregistratuta daudela ziurtatu behar dute, beharrezko baldintza teknikoak betetzen dituzten seinale”.