Aurreko hilabetean baino % 27,1 turista gehiago sartu ziren Euskadira maiatzean, 119.312, eta 209.506 gaualdi izan ziren, hau da, apirilean baino % 19,9 gehiago.

Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) maiatzean sektoreak izandako martxaren berri eman du astearte honetan, eta datuak aurreko hilabetearekin alderatu ditu; izan ere, 2020ko maiatza turismoan eragin handiena izan zuen bigarren hilabetea izan zen, alarma egoerak pandemiari aurre egiteko ezarri zuen mugikortasunaren mugagatik.

Hori dela eta, “2020ko maiatzarekin urte arteko alderaketak egitea ezinezkoa da”, eta Eustatek aurtengo apirila hartu du erreferentziatzat.

Gaur egun ere nabarmena da kobidaren eragina, izan ere, maiatzean ostalaritza-establezimenduen % 24,7 itxita egon dira egunero, apirilean baino % 3,4 gutxiago. Gipuzkoan establezimenduen % 28,6 itxita egon ziren, Araban % 22,4 eta Bizkaian % 20,4.

Apirilean baino igoera gehiago izan dira hiru lurraldeetan. Araban 19.931 sarrera eta 35.596 ostatu-gau izan ziren, % 27,5 eta % 9,9 gehiago, hurrenez hurren. Bizkaian, igoera % 26,5ekoa (50.607 bidaiari) eta % 24,8koa (92.731 gau hoteletan) izan da, eta Gipuzkoan, 48.774koa (+% 27,7) eta 81.179koa (+% 19,2).

Atzerriko bisitariak % 22,9 izan ziren maiatzean eta, beraz, estatukoak % 77,1; batez besteko egonaldia, berriz, 1,76 egunekoa izan zen, apirileko 1,86 egunak baino txikiagoa.

Plazen araberako okupazio maila % 26,2ra iritsi zen, apirileko datua hobetuz ( % 23,6). Araban % 28,1era iritsi zen, Gipuzkoan % 27,5era eta Bizkaian % 24,5era. Hiriburuei dagokienez, Donostian okupazioa % 30,3koa izan zen, Gasteizen % 30,1ekoa eta Bilbon % 24,6koa.

Eguneko batez besteko tarifa 68,43 eurokoa izan zen maiatzean, apirileko 77,18 euroak baino txikiagoa. Logela bakoitzeko diru-sarrera % 2 jaitsi zen, apirilean 23,77 euro ordaintzetik maiatzean 23,29 euro ordaintzera igaro baitzen. Preziorik altuenak Gipuzkoan (78,03 euro) eta Donostian (93,62 euro) izan ziren, ondoren Bizkaian (63,16 euro) eta Bilbon (67,70 euro).

Egilea Andoni Beitia