EgileaAndoni Beitia

Eka 28, 2021

Euskal AEko bizitegi-parkea 1.067.718 unitatekoa da 2020ko urtarrilaren 1ean, hau da, 7.188 unitate gehiago, familia-etxebizitzak eta establezimendu kolektiboak kontuan hartuta, 2019an baino, Eustaten datuen arabera.

Hazkunde absoluturik handiena Bizkaian izan da, non 3.361 etxebizitza gehiago izan baitira; ondoren Gipuzkoa dator, 2.800 unitate gehiagorekin, eta, azkenik, Araba, 1.027 etxebizitza gehiagorekin. Termino erlatibotan, aldeak urriak dira: Gipuzkoan 0,8 hamarren gehiago eta, hala Bizkaian nola Araban, 0,6 hamarren gehiago 2019. urtearekin alderatuta.

Aldakuntza horiekin, bizitegi-unitateen banaketa honela geratzen da: etxebizitzen erdiak baino gehiago Bizkaian daude, 552.376, guztien % 51,7; Gipuzkoan 348.432 unitate daude, % 32,6, eta hondarreko % 15,6ak Araban, 166.910 etxebizitza.

Eskualdeetan, eskualde guztiek hazkunde apalak izan dituzte etxebizitza-parkean. Bizkaian Plentzia-Mungia (% 1,2) eta Enkartazioak (% 1,1) nabarmentzen dira; Gipuzkoan, Donostialdea (% 1,1), eta Araban Kantaurialdea (% 1), Euskal AEko batezbestekoa (% 0,7) baino handiagoak direlako. Beste muturrean, batezbestekotik beherako gehikuntzekin, daude Añana (% 0,1), Arabako Mendialdea eta Debabarrena (% 0,2 bakoitza).

Erabileraren ikuspegitik familia-etxebizitzen parkea aztertuz gero, % 85,3 ohiko bizitegi gisa erabiltzen dira; gainerako % 14,7ak, berriz, bigarren bizitegi gisa erabiltzen dira edo hutsik daude. Ohiko bizitegi gisa erabiltzen diren etxebizitzen proportzioa % 83,1 da Araban eta % 86,2 Bizkaian; Gipuzkoan, berriz, % 84,8 da, tartean.

Aurreko urteko familia-etxebizitza nagusien kopuruei dagokienez, 5.789 unitate gehiago daude, lurraldeen arabera honela banatuta: Bizkaian 3.049 gehiago daude, % 0,6 gehiago, 2.086 gehiago Gipuzkoan (% 0,7) eta 654 gehiago Araban (% 0,5). Bestalde, nagusiak ez diren etxebizitzak % 0,9 hazi dira Euskal AEn.

Udalerrien tamainari dagokionez, udalerri handienen estratua nabarmentzen da, hau da, probintzia bakoitzeko hiriburuen multzoa; izan ere, % 2,1 igo dira nagusi ez diren etxebizitzak, eta Donostia da gehien nabarmentzen den hiriburua (% 3), ondoren Bilbo (% 1,9) eta, azkenik, Gasteiz (% 1,2). Estratu horretako etxebizitza nagusiak ez dira hainbeste hazi, % 0,6, aurreko urtearen aldean. Bilbon 800 familia-etxebizitza nagusi gehiago daude (% 0,5), Donostian 608 (% 0,8) eta Gasteizen 530 (% 0,5).

10.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan, familia-etxebizitzen parkea handitu egin da 2019. urtearekin alderatuta, eta Euskal AEko batezbestekoaren gainetik egin du gora, bai etxebizitza nagusiei dagokienez (% 0,7, batezbestekoaren % 0,6ren aldean), bai gainerakoei dagokienez (% 1,5, batezbestekoaren % 0,9ren aldean).

Aitzitik, azpimarratu behar da ezen 40.000 eta 100.000 biztanle bitarteko udalerriak eta 10.000 eta 40.000 biztanle bitartekoak direla nagusi ez diren etxebizitzak galdu dituztenak aurreko urtearen aldean (-% 1,4 eta -% 0,4, hurrenez hurren).

Euskal AEko familia-etxebizitzen parkearen batez besteko antzinatasuna 46,2 urtekoa da. Lurraldeka, parkerik modernoena Arabari dagokio, 39,7 urterekin, gero Gipuzkoari, 46,7 urteko batez besteko antzinatasunarekin, eta Bizkaia da, 47,8 urteko antzinatasunarekin, parkerik zaharrena duen lurraldea.

Etxebizitzaren batez besteko azalera erabilgarria Euskal AE osorako 87,3 m2-koa da. Arabak ditu familia-etxebizitza zabalenak, 92,4 m2 batez beste; ondoren, Gipuzkoak 87 m2 ditu, eta Bizkaiak 85,9 m2.

Azkenik, gela-kopuruari dagokionez, Euskal AEko familia-etxebizitzen hiru laurdenek 4 edo 5 gela dituzte (logelak, egongela eta sukaldea barne) eta, batez beste, 1,4 bainugela.

Egilea Andoni Beitia