Tecnalia ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak beste urrats bat eman du ‘smartizazio’ estrategian, eta lehen 4.0 laborategiak jarri ditu martxan, enpresekin 360º komunikatzeko. Horrela, aurrera egiten du bere laborategien digitalizazioan, eta irauli egiten du komunikatzeko eta sarean lan egiteko modua, online zerbitzu berriak abian jarriz, bere laborategiak eta adituak enpresetara gerturatuz. Jose Luis Elejalde Tecnaliako Zerbitzu Teknologikoen zuzendariak esan duenez, zerbitzu berri hau “iraultza bat da”.

Nola sortu da ekimen hau?
Guk ikusi nahi genuen nola konekta gintezkeen erabat gure bezeroekin. Digitalizazioa guretzat aukera bat izan da. Duela ia hiru urte hasi ginen horretan, baina pandemiak prozesua bizkortu zuen, eta bezeroaren etxean egotea ahalbidetzen digun tresna bat abiaraztea lortu dugu, gure adituak haren ondoan egotea eta, haren solairu bat ikuskatu beharko balute, berehala bertan senti gintezen.

Zertan dautza 4.0 labe-ratorio horiek?
Hainbat tresna dituen zerbitzua da. Lehenik eta behin, myTecnalia web-plataforma sortu dugu. Bertan, gure bezeroekin etengabeko komunikazio-harremana dugu, zure sarean egongo bazina bezala. Bigarrenik, ‘Multistreaming’ Connected Labs plataformari esker, gure bezeroek, beren lanpostutik, harentzat egiten ari garen entseguak ikus ditzakete, eta saiakuntzan zehar produktuak nola jokatzen duen jakiteko datuak eskura ditzakete. Horri esker, diseinuak arinago egokitu eta hobetu daitezke. Hirugarrenik, Tecnaliak garatutako eta errealitate areagotua duen web-aplikazio baten bidez elkartu ditzakegu teknikariak. Connected Expertise du izena aplikazio horrek, eta gu gai gara ikuskapen eta aholkularitza teknikoa egiteko bezeroaren etxean gertatzen den edozein arazoren aurrean. Horrek aukera ematen digu, halaber, entseatu beharreko produktuen muntaketen alderdi kritikoak zehatz-mehatz ikuskatzeko, bai eta saiakuntzen ondoren laginen egoera ere, lekualdatu beharrik gabe.

Zer abantaila dakarkie tresna horrek enpresei?
Abantaila handiena da ikusiko dutela Tecnalia bere erakundearen barruan dagoela; errealitate areagotuko tresnekin elkarreragin ahal izango dutela, gure teknikarien hurbiltasuna eta erantzuteko azkartasuna indartzeko. Baina, batez ere, konturatuko dira sail bat gehiago garela enpresaren barruan, eta gure adituekiko harreman-eredu askoz estuagoa izango dutela.

Beste zentro batzuk ari dira dagoeneko tresna horiek erabiltzen?
Une honetan ez dago horrelako zentrorik, ez eta zerbitzu-enpresarik ere, bezeroak produktuarekin hain esperientzia osoa izan dezakeenik. Guretzat iraultza bat da. Mundu-mailan punta-puntan gaude, ikuspegi digitalari dagokionez, merkatuari begira.

Nolakoa da enpresetatik jasotzen ari zareten feedbacka?
Oso positiboa izaten ari da. 140 enpresekin ari gara lanean etengabe, Lanik, Aclara edo Aluman, esaterako, eta harrigarria izaten ari da.

Eta nola egokitzen da giza osagaia konektatutako laborategi horietan?
Pandemiak zerbait erakutsi badigu, giza osagaia funtsezkoa izaten ari dela da. Gure ustez, lotura hori ahalbidetzen diguten teknologien eta pertsonen ezagutzaren arteko mugan dago gure indarra, eta gure teknologoen ezagutza bezeroekin harremanetan jartzen saiatzen gara. Digitalizatu egiten dugu, bezeroak etengabe ondoan senti gaitzan, eta hor sartzen dira pertsonak.

Noraino iritsi nahi du proiektu honek?
Hurrengo urratsa adimen artifiziala eta simulazio-sistemak sartzea izango da, saiakuntzaren barruan gertatuko denari aurrea hartzeko. Lanean ari gara 2022an kaleratzeko. Urte batzuk barru adimen artifiziala nabarmenduko da eta saiakuntza fisikoen kopurua murriztuko da.

Egilea Andoni Beitia