Petronorrek 140,1 milioi euro galdu zituen iaz, eta 2019an 143 milioi euro irabazi zituen. Petronorreko Akziodunen Batzarrak konpainiaren kontuak onartu zituen 2020an, pandemiaren ondorioek markatutako ekitaldia; izan ere, urtean zehar munduko biztanleriaren ia konfinamendu osoa edo partziala zela eta, produktu energetikoen kontsumoak izugarri jaitsi ziren.

Adibidez, gasolina-zerbitzuguneen kontsumoak % 23 egin zuen behera Espainian, aurreko urtearekin alderatuta. Horrez gain, upelaren batez besteko prezioa 2019koa baino 22 dolar txikiagoa izan zen, eta horrek ondarean eragin negatiboa izan zuen Petronorrentzat. Kanpoko merkatuetako produktuen biltegiratzeek ere gehieneko maila historikoak islatu zituzten; beraz, eskari nazionala eta esportazioarena ohiko mailen oso azpitik egon ziren.

Eskari baxu horrek eta biltegiratze maila altuak fintze marjina oso baxuak eragin zituzten: 2020an Petronorren marjina 3,24 dolarrekoa izan zen upel bakoitzeko, eta 2019an 5,50 dolarrekoa. Eskariaren eta marjinen maila horien aurrean, findegiko bi petrolio unitateetako bat geldituta egon zen 2020ko azken zortzi hilabeteetan. Urtearen amaieran, aurreko urtean baino 9,5 milioi upel gutxiago prozesatu ziren, eta hasieran aurreikusitakoak baino 16,6 milioi gutxiago.

Petronorren destilazioa 58,3 milioi upelera jaitsi zen, destilazio ahalmenaren % 74,5. Salmentak 9 milioi tonakoak izan ziren, aurreko urtean baino % 13 gutxiago, eta merkatu nazionaleko salmenten beherakada milioi bat tonatik gorakoa izan zen.

Avatar

Egilea Andoni Beitia