Jaurlaritzak eta Adegik laguntzak aurkeztuko dizkiete ETEei

Eusko Jaurlaritzak, Adegi Gipuzkoako enpresen elkartearekin lankidetzan, ETEentzako 2021 laguntza-planaren xehetasunen berri emango die Donostialdeko konpainiei uztailaren 6an eta 14an, 422 milioirekin.

Planak 68 programa biltzen ditu, 433 milioi euroko aurrekontuarekin, eta helburua ekonomia suspertzea eta kalitatezko enplegua sortzea da, bereziki Euskadiko garapen jasangarriari erreparatuta.

Aurkezpena Miramongo Parke Teknologikoaren eraikin nagusian egingo da, goizeko bederatzi eta erdietatik hamarrak eta erdietara. Bi jardunaldiak presentzialak izango dira, 25 lagunentzako edukiera mugatuarekin, eta online ere jarraitu ahal izango dira.

Uztailaren 6an, asteartean, aurkeztuko dira industriaren garapenerako, nazioartekotzerako, energiarako eta ingurumenerako laguntzak, eta parte hartuko dute Mikel Amundarain Industria eta Trantsizio Energetikoaren zuzendariak, Ainhoa Ondarzabal BTI-Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren zuzendariak, Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundearen zuzendariak eta Alex Boto IHOBEren zuzendariak.

Asteazkenean, uztailaren 14an, I+G+b, digitalizazio eta ekintzailetzarako laguntzak azalduko dituzte Aitor Urzelai SPRI taldeko zuzendari nagusiak, Leyre Madariaga Eraldaketa Digital eta Ekintzailetzako zuzendariak eta Javier Plasencia Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak. Parte hartu nahi duten enpresek izena eman ahal izango dute aldez aurretik, Adegiren webgunean.