Basque Research Technology Alliance BRTA Eusko Jaurlaritzak bultzatutako partzuergo zientifiko-teknologikoak kide berri bat sartu du, eta dagoeneko 17 dira aliantza hori osatzen duten erakunde ikertzaileak. Markina Xemeinen egoitza duen Leartiker zentro teknologikoa elikaduran eta polimeroetan espezializatuta dago, eta horrek aniztasun handiagoa ematen dio BRTA-ri, eta ezagutza enpresetara transferitzeko erreferente gisa jartzen du.

Atxikitzeko ekitaldi ofiziala gaur egin da Mendaron, euskal partzuergoaren egoitzan, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburuaren, Rikardo Bueno BRTAko zuzendariaren eta Amaia Egia Leartikerreko zuzendari nagusiaren parte-hartzearekin. Azken horrek gogorarazi du maiatzean Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareak zentro multifokalizatu gisa ziurtatu zuela sinadura hori.

50 pertsonako lantaldearekin eta 3 milioi eurotik gorako diru-sarreren bolumenarekin, Leartikerrek polimeroen eta elikagaien arloetan garatzen du ikerketa-jarduera. Polimeroei dagokienez, ikertzaileek materialen garapenetik eta fabrikaziotik hasi eta karakterizazioraino aztertzen dituzte. Simulazio-teknika aurreratuak aplikatzeak balio erantsi handiagoko materialak lortzea ahalbidetzen du, batez ere industriari eta osasunari aplikatzen zaizkionak. Elikagaien arloan, Leartikerrek berrikuntzaren alde egiten du, nekazaritzako elikagaien industriari elikadura osasungarriaren eskaintza hobetzen laguntzeko, eta esnekietan eta elikagai prestatuetan oinarritzen du bere ikerketa.

Horrela, Basque Research Technology Alliance indartu egin da eta 17 kide izatera iritsi da; horien artean, elkarlaneko lau ikerketa-zentro daude: CIC BioGUNE, NanoGUNE, BiomaGUNE eta EnergiGUNE. Horiekin batera, Azterlan, Azti, Ceit, Cidetec, Gaiker, Ideko, Ikerlan, Leartiker, Lortek, Neiker, Tecnalia, Tekniker eta Vicometch 13 zentro teknologikoak daude.

Partzuergoa 2019an sortu zen, erakundeen ekimenez, EAEko enpresa-sarean berrikuntza eta garapena sustatzeko, EAEko teknologia-zentroek sortzen duten ezagutzaren transferentzia bultzatuz. Helburu horrekin batera, euskal eskaintza zientifiko-teknologikoa nazioartekotzearen eta mundu mailako sinergiak aurkitzearen aldeko apustua ere egin du BRTAk.

Egilea Andoni Beitia