Europako Etiketa Ekologikoa duten 35 ostatu turistiko ditu Euskadik; beraz, Estatuan daudenen % 69 biltzen ditu ziurtagiri horrek, eta “azpiegitura mota hori duten Europako helmuga nagusietako bat da”, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak nabarmendu duenez.

Hain zuzen ere, Europako Etiketa Ekologikoa duten hamaika ostatu daude Araban, 15 Bizkaian eta 9 Gipuzkoan. Estatuan, oro har, mota horretako 51 establezimendu daude ingurumen-ziurtagiri horrekin; beraz, Euskadi da adierazle horren liderra.

EAEko 35 bizitokiak Estatuko guztizkoaren % 69 dira, eta horrek, Eusko Jaurlaritzarentzat, “Euskadiko bizitokien sektorearen iraunkortasunarekiko konpromiso maila erakusten du”.

Kopuru horren arabera, “Azpiegitura mota hori duten Europako helmuga nagusietako bat da, Herbehereak (25 ostatu), Eslovenia (13 ostatu), Kroazia (6 ostatu), Malta (6 ostatu) edo Portugal (5 ostatu) bezalako herrialdeen aurretik”.

Kontseilaritzatik adierazi dutenez, Austriak (39 ostatu), Italiak (55) eta Frantziak (182) soilik gainditzen dute Euskadi sailkapen horretan.

Europako Etiketa Ekologikoa Europako Batzordearen ingurumen-aintzatespen eta identifikazio ofizialerako sistema da. Sistema “egiazkoa, zorrotza eta borondatezkoa” da, eta ingurumenean eragin txikiagoa duten produktuak eta zerbitzuak sustatzen ditu, baliabideen “erabilera eraginkorra” eta ingurumenaren “babes-maila handia” bultzatzeko, Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez.

Kontsumitzaileak azkar eta erraz identifikatu ahal izango ditu

Logotipoaren bidez, kontsumitzaileak “azkar eta erraz” identifika ditzake ostatu horiek; izan ere, kontsumoak minimizatu eta kontrolatzeaz gain, berokuntza- eta argiztapen-ekipo eraginkorrak dituzte, ura aurrezteko gailuak dituzte instalatuta, garraiobide iraunkorrak sustatzen dituzte eta ostalariei tokiko produktuak eta produktu ekologikoak eskaintzen dizkiete.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak, Ingurumen Iraunkortasunerako Sailburuordetzaren bitartez, eskumena du ostatuaren instalazioetan bertan “ingurumen-irizpide zorrotzak” betetzen direla egiaztatzeko.

Baldintza horien artean, nabarmentzekoa da ingurumen-kudeaketa eta -kontrolerako sistema dokumentatu bat ezartzea. Sistema horrek erregistroak eta neurketa behar ditu, ingurumen-jarduna hobetzeko, ingurumen-arloko legeria betetzeko eta aplikatzekoa den sektore- eta lan-legeria betetzeko.

Beharrezkoa da, halaber, arlo bakoitzean ezartzen diren nahitaezko 22 irizpide betetzea (kudeaketa orokorra, energia, ura, hondakinak eta hondakin-urak, eta beste irizpide batzuk, garraio jasangarria, esaterako) eta gutxieneko puntuazio bat lortzea hautazko irizpide multzo bati dagokionez, ostatuak eskaintzen dituen zerbitzuen arabera aldatzen direnak.

Horrez gain, ostatuak bere gonbidatuei adierazi behar die arlo horretan duen konpromisoa, eta gonbidatu eta animatu egin behar ditu beren jokabidearekin ingurumena gehiago babesten lagun dezaten.

Egilea Andoni Beitia