Enplegu-prestakuntza sustatzeko 11,2 milioiko languntzak Lanbiden

Lanbide euskal enplegu zerbitzuko administrazio kontseiluak astearte honetan onetsi du 11,2 milioi euro banatzea laguntzetan, enplegurako prestatzeko ekintzetarako. Zehazki, aurten 8 milioi erabiliko dira langabeak enplegu aukera berrietan prestatzeko, eta 3,2 milioi gehiago enpresek beren langileen gaitasunak eta kualifikazioa hobetzeko.

Onartutako lehenengo deialdiak zortzi milioi euro banatzea aurreikusten du, enplegu aukera berrien esparruan konpetentzia profesionalei buruzko prestakuntza ekintzak egiteko. Lehentasunez langabeei zuzenduta daude, gaitasun digitalak eskuratu eta hobetu ditzaten, pertsonen zaintzaren, trantsizio energetiko-ekologikoaren eta ekonomia sortzailearen esparruan. Ekintza horiek Elkarrizketa Sozialeko Mahaiko Enplegu Taldean diseinatu dira.

Lanbideko iturriek jakinarazi dutenez, deialdi honen helburua da enplegu aukera berriekin lotutako hainbat jarduera ekonomikotan gaur egungo enplegua sortzeko aukeretan eragitea, eraldaketa energetikoari eta digitalari eta gizarte kohesioari lotutako erronkei erantzuteko. Euskadi Next programan jasotzen denez, “Euskadi berde, digital eta inklusibo bat eraikitzea da erronka nagusia”.

“Enplegua sortzea ahalbidetuko duen suspertze ekonomikoa bizkortzeak duen garrantzia planteatzen da bertan, kontuan hartuta eraldaketa ekologikoak, digitalak eta soziosanitarioak produkzio egituraren lehiakortasuna indartzeko balio dezaketela, ingurumen irizpideak balioa sortzeko lehiakortasun faktore gisa integratuta”, azaldu dute.

Era berean, 3,2 milioi euroko beste deialdi bat onartu da, enpresek beren langileentzako prestakuntza ekintzak sustatzeko. Zehazki, beren gaitasun eta kualifikazio profesionalak hobetzeko ekintza estrategikoak garatzera bideratuko da laguntza.

Bestalde, Lanbideko administrazio kontseiluak ezohiko laguntzen laugarren deialdia onartu du, ekainaren 1etik irailaren 30era bitarte covid-19aren ondorioz aldi baterako enplegu erregulazioko espedienteek eragindako langileentzat, eta 800.000 euro bideratuko ditu.