Bizkaiko zerga itunduen bilketa metatua 3.630,4 milioi eurokoa izan da ekainera arte, hau da, 2020ko epe berean baino 617,8 milioi euro gehiago (+% 20,5). Bizkaiko Foru Aldundiak astearte honetan jakitera eman dituen datuen arabera, 2021eko ekitaldirako aurrekontuko diru-sarrera guztien (7.341,6 milioi) % 49,4 da kopuru hori.

Zuzeneko zergapetzeari dagokionez, Bizkaiko Ogasunak 1.441,8 milioi euro bildu ditu urte honetako lehen sei hilabeteetan, hau da, aurreko ekitaldiarekin alderatuta, % 8,9 gehiago. Kontzeptu nagusien artean, PFEZ, oro har, % 2,3 hazi da, eta Sozietateen gaineko Zerga, berriz, % 54,1.

Zeharkako zergen bidez 2.068,1 milioi euro bildu dira, 2020ko lehen seihilekoan baino % 31,1 gehiago. Kudeaketa propioko BEZaren urte arteko bilakaera % 38,4ko igoera izan da. Zerga berezien artean, Hidrokarburoena % 9,1 hazi da eta Elektrizitatearena % 1,1; tabako-lanena, berriz, % 11,5 jaitsi da.

Zifra horietan, bai BEZean bai berezietan, kontabilizatuta dago Arabako eta Gipuzkoako foru-aldundiekin egindako lehen doikuntza, 254,6 milioi eurokoa.

Bestalde, tasek eta bestelako diru-sarrerek 26 milioi euroko ekarpena egin diote ekainera arte Bizkaiko Ogasunaren bilketari, hau da, % 38,7ko hazkundea.

Estatuarekin apirilean egindako lehen doikuntzan, Bizkaiak 222 milioi euro ordaindu zituen BEZagatik eta 127,6 milioi euro zerga bereziengatik.

Egilea Andoni Beitia