Zortzi milioi, 4.0 industria bultzatzeko

Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak, Spri Taldearen bidez, guztira 7,87 milioi euro bideratuko ditu enpresetan Industria 4.0 bultzatzeko hiru programatara. Horrela, euskal enpresek Renove Industria 4.0, BDIH Konexio eta Basque Industry 4.0 programetara jo ahal izango dute asteartetik aurrera, Eusko Jaurlaritzak atzo jakinarazi zuenez.

Renove Industria 4.0 programak 5 milioi euro ditu, eta makineria aurreratua ezartzea eta euskal enpresa txiki eta ertainei bultzada ekonomikoa ematea du helburu. Eskaerak aurkezteko epea urriaren 4an amaituko da. Renove Industria 4.0 ekimenaren hirugarren edizioa da, eta industria-iraultza berriaren proiektuetarako makineria eta ekipamendu aurreratua erostea du helburu. Itzuli beharrik gabeko laguntzak dira, eta enpresa bakoitzeko gehieneko diru-laguntza 100.000 eurokoa da. 2020an, aurrekontua 5 milioi eurokoa izan zen eta 99 euskal enpresari egin zien mesede.

Bestalde, BDIH Konexio laguntzek teknologia digitalak eta jasangarriak aplikatzea errazten diete enpresei, eta 570.000 euroko diru-laguntzak eskaintzen dituzte.

Iaz, 48 euskal enpresak baliatu zuten programa hori, Basque Digital Innovation Hub enpresak teknologia digital eta jasangarriak prestatu, ikertu, probatu eta baliozkotzeko aktiboen eta zerbitzuen sare konektatua enpresen eskura jartzeko. Lanak aurkezteko epea urriaren 15ean itxiko da.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak 2,3 milioiko laguntzak eskainiko ditu aurten Basque Industry 4.0 programarako. Eskaerak egiteko epea irailaren 15ean amaituko da. Programa honen helburua da hornitzaile teknologikoen teknologia manufaktura-enpresa industrialetara transferitzeko proiektuak babestea, fabrikazio aurreratuari aplikatutako EIKTen (Elektronikaren, Informazioaren eta Komunikazioen Teknologiak) esparruan.