Gaixoentzako eta osasunaren sustapenerako diruáguntzak

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak abuztuaren 13ra arte ireki du laguntzak jasotzeko epea, gaixoen eta haien familien kolektiboen bizi-kalitatea hobetzeko eta osasuna sustatzeko jarduerak egiteko. Bi programek batera 550.000 euroko zuzkidura dute.

Zehazki, 300.000 euroko lerro bat gaitu da gaixoen eta haien familien kolektiboek osatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko elkarteei zuzendutako laguntzetarako, eta 250.000 euroko beste bat erkidegoan parte hartzeko prozesuen esparruan osasuna sustatzeko jarduerak egiteko diru-laguntzetarako.

Alde batetik, laguntzak emateko deialdia egiten da Euskadin gaixoen eta haien familien kolektiboek garatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko elkarteentzat, gaixoen eta haien familien kolektiboen bizi-kalitatea hobetzera bideratuta daudenentzat, 300.000 euroko zenbatekoarekin.

Ildo horretan, trebetasunak eta baliabideak garatzen laguntzeko jarduerak finantzatuko dira, beren burua zaintzeko gaitasuna maximizatzeko eta autonomia areagotzeko; beren behar soziosanitarioak bultzatu eta bideratzeko, osasuna sustatzeko ikuspegi batetik; gaixotasunari eta arrisku-faktoreei buruzko ezagutza eta informazioa handitzeko, bai eta osasun-jokabide egokienei buruzkoa ere; eta eragindako pertsonen osasun-desberdintasunak murrizteko eta genero-ikuspegia txertatzeko.

Bestalde, 250.000 euro emango dira 2021eko ekitaldian Euskal Autonomia Erkidegoko toki-mailako parte-hartze komunitarioko prozesuen esparruan garatzen diren osasuna sustatzeko jarduerak egiteko.

Testuinguru horretan, erkidegoan parte hartzeko prozesuak sortzera eta/edo dinamizatzera bideratutako jarduerak finantzatuko dira, tokian-tokian osasuna sustatzera bideratutako ekintzak eta estrategiak lehenesteko, planifikatzeko eta garatzeko; eta osasuna sustatzera bideratutako jarduerak ere finantzatuko dira, erkidegoaren helburuekin, komunitatearen beharrei, nahiei, arazoei edo intereseko gaiei erantzuten dietenak eta erkidegoan parte hartzeko prozesuen esparruan garatzen direnak.