Ikerketako eta garapen teknologikoko TECNALIA zentroak AENORen UNE 166002:2021 ziurtagiria lortu du, zeinak ziurtatzen baitu TECNALIAk betetzen duela UNE 166002 arauaren azken bertsioa ikerketa, garapen eta berrikuntzako prozesuen kudeaketan.

Ziurtagiri hori 2017an lortu zen UNE 166002:2014 ziurtagiriaren egokitzapen bat da. Hala, TECNALIA da AENORen ziurtagiria arauaren azken bertsioaren eskakizunetara egokitu duen lehen erakundea. UNE 166002 arauaren 2021eko bertsioa martxoaren 11n argitaratu zen; batetik, kontuan hartzen ditu nazioarteko joera berriak, ISO 56002 arauan jasoak, eta, bestetik, nazioarteko arauko I+G+Bko zortzi printzipioak jasotzen ditu: ezagutza sortzea (ikerketan) eta balioa sortzea (berrikuntzan); liderrak etorkizunera begira egotea; norabide estrategikoa; kultura; xede bat duten ideiak; ziurgabetasunaren kudeaketa; moldakortasuna; eta ikuspegi sistemikoa.

Jesús Valero TECNALIAko zuzendari nagusiaren arabera, “I+G+B kudeatzeko orduan, ezagutza sortzeko eta balioa sortzeko printzipioan hartu dugu inspirazioa, nagusiki. Izan ere, Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko zentro teknologikoa garen aldetik, gure misioaren parte da teknologia BPG bihurtzea. Ziurtagiri hori, TECNALIArentzat, I+G+Bko prozesu guztiak ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren alorreko ISO 56000 familiako nazioarteko estandar berrietara egokitzeko egiten dugun ahaleginaren aintzatespena da”.

Luz Emparanza AENORen Euskadiko zuzendariak, berriz, hau azpimarratu du: “TECNALIA aitzindari izan da, berriz ere, UNE 166002 arauaren eskakizunak betetzen, eta AENORek arauaren bertsio horren arabera ziurtatutako lehen erakundea da”.

AENORi buruz

AENOR zerbitzu profesionalen erakundeak enpresen, sektoreen eta, oro har, sare ekonomikoaren lehiakortasun-hutsuneak identifikatzen eta zuzentzen laguntzen du. Gizartea eraldatzen laguntzen du, erakundeen eta pertsonen artean konfiantza sortuz, adostasuna ebaluatzeko zerbitzuen (ziurtagiriak, ikuskapenak eta saiakuntzak), trebakuntzaren eta informazioaren bidez.

AENOR Espainiako ziurtatze-erakunde nagusia da, eta dagoeneko 87 herrialdetan aritzen da. Munduko 83.000 lantegik baino gehiagok du AENORen alor hauetako ziurtagiriren bat: kalitatearen kudeaketa, jasangarritasuna, informazio ez-finantzarioaren egiaztapena, animalien ongizatea, laneko segurtasuna eta osasuna, digitalizazioa eta compliancea.

TECNALIAri buruz

Ikerketa eta garapen teknologikoko zentro bat da TECNALIA, BRTA (Basque Research and Technology Alliance) aliantzako kidea eta erreferentziakoa Europa osoan. Hogeita hamar herrialdetako 1.400 profesional ditu, guztiak ere teknologia BPG bihurtzen saiatzen direnak gizakion bizi-kalitatea hobetzearren, enpresentzat negozio-aukerak sortuz. Hauek dira haren jarduera-eremu nagusiak: eraldaketa digitala, fabrikazio aurreratua, energia-trantsizioa, mugikortasun jasangarria, hiri-ekosistema eta osasuna.

Egilea Admin