ELAk Andoaingo etxez etxeko laguntza hitzarmena berritzea eskatu du

Andoaingo Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langile talde batek iragarri duenez, uztailaren 28tik aurrera mobilizazioak egingo dituzte “lan baldintzak duinduko dituen hitzarmen bat lortzeko”.

ELA sindikatuak ohar batean azaldu duenez, aurreko hitzarmenaren indarraldia 2020ko abenduan amaitu zen, eta data horretatik aurrera hainbat bilera egin dira zerbitzuaren enpresa esleipendunarekin eta Udalarekin, eta sindikatu horrek dagoeneko aurkeztu du aldarrikapenen plataforma.

Hala ere, “Enpresak eduki duinekin akordio bat lortzeari uko egin dionez”, sindikatuak “uda osoan zehar egingo diren mobilizazioak” antolatu ditu.