BDIH Konexio programaren laguntza jaso duen enpresa gipuzkoarraren konponbidearekin, posible da egiaztapenak egitea materialik suntsitu gabe.

LinqCase startup gipuzkoarra dugu euskal enpresak egiten ari diren berrikuntza-lan handiaren beste adibide bat. Zerbitzu berritzaile bat garatu du fabriketako produkzio-lineetako piezak ikuskatzeko, pieza horiek suntsitu gabe; horrela, kostuak murrizten dira, eta kalitatea hobetzen da. Konpainiak SPRI Taldearen laguntza jaso du BDIH Konexio programaren bitartez. Horrela, Basque Digital Innovation Hub-ek ETEen eskura jarri du fabrikazio aurreratuko aktibo eta zerbitzuen sare konektatu bat prestakuntzarako, ikerketarako, testak egiteko eta baliozkotze prozesuetarako.

Enpresa 2018an sortu zen lau ekintzailek bultzatuta, CEIT teknologi zentroaren laguntzarekin, eta azken horrek Ibaetan (Donostia) dituen instalazioetan dago gaur egun. “CEITen lan handia egiten da ikerketa eta garapen arloan, baina ongi dakite azken urrats bat eman behar dela teknologia hori merkatura eramateko. Guk uste dugu gai garela produktuak eta negozioak ongi garatzeko, eta badaukagu teknologia. Eta, halaxe, bi aldeen artean sortu genuen enpresa”, azaldu du Ibon Iribarrenek, LinqCase enpresako zuzendari nagusiak.

Eskaintzen duten produktua ikuskapen ez suntsitzailea da. “Industrietan, askotan, ezinbestekoa izaten da piezak ebakitzea egiaztapenak egiteko. Oso garestia da piezak suntsitzea, txatar bihurtzeak kostu bat duelako eta ikuskatzeko astia behar delako, eta horrek hainbat orduz eragiten dio produkzioari”. Guk eskaintzen ditugun makinak gai dira piezak egiaztatzeko pieza horiek suntsitu beharrik gabe. Oso azkar bukatzen dugu identifikazio-prozesua; hala, kostuak murrizten dira, eta kalitate hobea lortzen da”.

Iribarrenek nabarmendu du bezeroek denbora beharko dutela euren negozioa onartzeko, baina, bi urteko ibilbidearen ondoren, dagoeneko saldu dio bere produktua txertatuta duen makina bat Stellantis enpresa iparramerikarrari. Stellantis 2020an sortutako automobilgintza-talde bat da, munduko liderretako bat.

Intralogistika adimendua

Bigarren negozio-ildoa intralogistika adimenduna da. “Produkzio-lineak gelditu egiten dira material edo tresna ezagatik. Eta ohartu ginen hori arazo handi bat dela. Hortaz, produkzioko makinen datuak irakurtzen ditugu, eta, robot programagarriak baliatuz, behar dituzten material edo tresnez hornitzen ditugu produkzio-lineak”.

Duela sei hilabete konponbide bat saldu zioten Ford enpresak Europan duen motor lantegi bati. Konponbide horrek tresnen desgastearen ondoriozko produkzio-lineen geldialdiak aurreikusten ditu. “Material ezagatiko geldialdiak saihestea da gure helburua. Batzuetan oso zaila da geldialdi bat prebenitzea, baina beste batzuetan badakizu zer gertatuko den, adibidez, logistikako geldialdien kasuan. Lan-esparru handia dago hor, eta robot fabrikatzaileek ere interes handiz begiratzen diote gure konponbideari, lagungarri zaielako euren ekipoak produkzioko makinekin konektatzeko”.

Orain konpainiak zazpi pertsona dauzka plantillan, eta iaz 400.000 euro baino gehiago fakturatu zituzten. “Aurten 600.000 euro inguru fakturatuko ditugu. Gastu handiena langileen arloan eta I+G-n egiten dugu; azken hori da gure partida nagusia, eta horretan gastatzen da negozioaren % 33”.

BDIH Konexio programaren bitartez jaso duten 20.000 euroko laguntzarekin makina adimendunen arloko proiektu bat garatu dute. Zehazki, ikuskapen digitalekoa. “Automobilgintzako ardatzen gainean gotortzeko proiektu bat da. Sentsorearen garapena bukatzeko erabiliko dugu laguntza. Dagoeneko badaukagu prototipoa, eta probatzen ari gara. Baliteke amerikarrei (Stellantis taldeari) saldu diegun makinan txertatzea”.

Etorkizunean, enpresak bere merkatua zabaldu nahi du Ipar Amerikara eta Europara. Euren asmoa da bizpahiru urtean plantilla 16 pertsonaraino handitzea.

Egilea Admin