Egile Mechanics, metalezko ontzietan aplikatutako berrikuntza

Egile Mechanics enpresa gipuzkoarra 2018an eratu zen izen horrekin, baina 31 urte daramatza lanean, DMP (Desarrollos Mecánicos de Precisión) eta Zehatz batu ondoren sortu baitzen. Biak ziren Egile taldeko enpresak, eta sozietate independente izateari utzi eta zehaztasunezko mekanikan zentratutako erakunde bakar batean integratu ziren. Egile Mechanics enpresak mekanizatuko konponbideak eskaintzen ditu arlo guztiz desberdinetarako, hala nola aeronautikarako edo elikadura sektorerako, eta tapa irekierrazak fabrikatzeko sistema osoak egiten ditu azken horretarako.

“Gaur egun enpresak bost negozio-esparru ditu: AeroTransmissions, AeroSystems eta AeroEngines aeronautika sektorean; ExtremePrecision, Big Science eta Osasun sektorean, eta CanTooling, elikadurako metalezko ontziak egiteko sistemak”, azaldu du Nagore Barrenak, Egile Mechanics-eko berrikuntza managerrak.

Euren I+G-ko jarduerek helburua “abiadura handiko turbinetarako produktuak egitea eta Estatuko hornitzaile bakarrak izatea” da. “Gure enpresak jakintza handia dauka mekanizatu aurreratuaren arloan, baina baita pieza edo sistemen diseinu-prozesuan ere”, dio berrikuntza arloko arduradunak.

Enpresak 190 langile inguru ditu, eta 28 milioi euro inguruko fakturazioa izan zuen 2019an. Negozioaren % 15 I+G-n inbertitzen dute. BDIH Konexio programaren bitartez jaso duten 10.800 euroko laguntzarekin makina adimendunen arloko proiektu bat garatu dute.