Dronak-ek hidrogenoz bultzatutako drone bat sortu du

Dronak 2015ean sortutako enpresa bizkaitarra da, droneekin lotutako zerbitzuak eskaintzeko eta edozein erabilera espezifikotarako horrelako aparatuak diseinatu eta fabrikatzeko. Duela aste batzuk bere 15. saria jaso du, bere ibilbideko garrantzitsuenetako bat: Global Business Insight Award. Aitorpen horrek erakusten duenez, Dronaken taldeak I+G+b arloan egiten duen lana Euskadiko mugak gainditzen ari da.

Bere azken berrikuntzetako bat hidrogenoaren bidez hegan egiten duen dronea garatzea izan da. Eusko Jaurlaritzak Hidrogenoaren Euskal Estrategiarekin lotuta bultzatutako ekimenak ikusita, bizkaitar enpresak ekarpena egin nahi izan du, Fabia Silva Dronakeko CEOak azaldu duenez: “Proiektu bat egin dugu ildo horretan, hidrogenoa ere soluzio bat izan daitekeela uste dugulako. Gaur egun, droneen hegaldirako litiozko bateriak erabiltzen ditugu, droneak gehienez 45 minutuz hegan egitea eragiten dutenak”.

Beste eredu bat

Dronaken I+G+b lanaren beste eredu bat energia eolikoa sortzen duten enpresei zuzenduta garatzen ari diren drone bat da, Fabia Silvak zehaztu duenez: “Drone hori berrikuntza handia izango da sektorean, eta pala eolikoen garbiketak sortzen duen inpaktua murrizteko helburu ekologikoan zentratzen da. Proiektu hori Europan aurkeztu nahi dugu, eta sektorean espezializatutako amerikar enpresa batek eskatu du. Euskadin diseinatzen ari gara, etxean, eta egia esan, sektore eolikoaren arazo handi bat konponduko du”.

Dronak ingurumenarekin bereziki konprometitutako enpresa da, eta “gizarte-berrikuntza jasangarria” deritzona bultzatzen du. Azken hilabeteetan, droneek leku irekietan pertsonak zenbatzearekin lotutako proiektuetan lan egin du.