Bitartekoak

MIKEL P. ANSA / Ursula von der Leyen Europako Batzordeko buruak duela urte eta erdi argi erakutsi zituen bere asmoak, Itun Berdea «Europaren gizona-ilargian-momentua» zela esan zuenean. Kontinentea trantsizio batera eramateko asmo irmoa du, eta joan den urtean onartu zuten Klimaren Legea beste urrats bat da bide horretan. Karbono isuriak 1990etik 2030erako epean % 55 murriztea jarri du helburu (% 40 zen lehen), eta aldaketa esanguratsuak ekar ditzake lege berriak. Neurri sorta luzea espero da, eta Europak 50 lege baino gehiago moldatu edo sortu beharko ditu. Eta horren ondoren, ikusi egin beharko da. Enpresa kaltetuek presioa egingo dute atzerapenak ezartzeko, eta estatu batzuek ere ez dute erraztasunik emango. Ekologistek dagoeneko kritikatu dute legea: Europak % 25 murriztu ditu CO2 isuriak 1990 eta 2019 artean, baina batez ere 2008ko krisiak eragin zuen jaitsiera horren parte handiena. 1990etik munduko batez besteko tenperatura 1,2 gradu igo da; mende erdirako bi gradu igotzea nahi ez bada, Europak isuriak % 70 gutxitu beharko lituzke.