Gipuzkoako Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Foru Departamentuak guztira 150.000 euro bideratuko ditu aurten 7.000 biztanletik beherako udalerrietara, hirigintza-planteamendua ikuspegi “jasangarri eta inklusibo” baterantz eguneratu dezaten.

Laguntza horien bidez, udalek hiri-eremua nola hobetu aztertu ahal izango dute, lurzoru gehiago okupatu gabe, eta kolektibo ahulenek espazio publikoa segurtasunez erabili ahal izango dutela ziurtatu ahal izango dute, Foru Aldundiak ohar batean jakitera eman duenez.

Udal bakoitzari gehienez 30.000 euroko ekarpena egingo zaio, eta horrekin hirigintza-planteamendu orokor bat egiteko gastuaren % 50 finantzatu ahal izango da.

2.500 biztanle baino gutxiagoko udalerrien kasuan, planteamendu horren % 75 ordaindu ahal izango dute laguntzek.

Hirigintza-plangintzak udalerri bateko lurzoru-motak sailkatzen ditu, ekoizpen- eta bizileku-zentroen kokapena finkatzen du, ingurumena babesteko neurriak ezartzen ditu, paisaia eta hiri-multzoak eta multzo historikoak babesten ditu, bide publikoak eta interes publikoko zentro eta zerbitzuak definitzen ditu.

Rafaela Romero Lurralde Antolamendurako diputatuak azpimarratu duenez, ekimenak berdintasuna eta iraunkortasuna bezalako balioak sartu nahi ditu lurraldeko udalerrien plan orokorrean.

Egilea Andoni Beitia