Finkatuz funtsa kudeatzen duen euskal sozietate publikoak 162,9 milioi euroko aurrekontua izango du aurten, enpresa handietan epe luzeko finantza-partaidetzak erosteko, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-sustraitzeari euts diezaioten.

Gogoratuko denez, Eusko Jaurlaritzak Finkatze Kapitala Finkatuz SA izeneko sozietate hori sortzeko baimena eman zion joan den apirilean Finantzen Euskal Institutuari, eta, izapide hori bete ondoren, Gobernu Kontseiluak sozietate horren aurrekontua onartu zuen atzo.

Sozietate honek egin beharreko inbertsioak hainbat printzipioren araberakoak izango dira, besteak beste, enpresaren tamainaren araberakoak. Enpresaren urteko fakturazio-bolumena 100 milioi eurotik gorakoa izan beharko da, eta plantillan gutxienez 50 langile egon beharko dira.

Gainera, parte hartzea erabakitzen den konpainiek egoitza soziala Euskadin finkatuta izan beharko dute. Ezin izango da aldi berean talde bereko kide diren enpresen kapitalean sartu, ezta krisi ekonomikoko egoeran dauden konpainietan ere.

Lehentasunezko enpresa-sektore estrategikoetan inbertitu ahal izango da aeronautika, elikadura, automozioa, biozientziak, eduki digitalak, ekoindustria, energia, makineria, produktu eta instalazio siderurgikoak, teknologia elektronikoak eta informaziokoak, eta garraioak, mugikortasuna eta logistika.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak atzo Gobernu Kontseiluak egindako bileraren ostean azaldu zuenez, parte-hartzeak irauteko bokazioa izango du, eta, beraz, ez da inbertsioaren gehienezko edo gutxieneko eperik ezartzen.

Sozietate berriak, hasiera batean, ez du giza baliabiderik izango, ezta baliabide materialik ere; izan ere, kudeaketa eta administrazio lanak Finantzen Euskal Institutuak egingo ditu eta bere jardueratik datozen diru-sarrerekin finantzatuko da. Legegintzaldian zehar sozietate berriaren kapital soziala handitzeko asmoa du Eusko Jaurlaritzak, 300 milioi eurora iritsi arte.

Egilea Andoni Beitia