El Corte Ingleseko akziodunen batzarrak joan den ostegunean eman zion onespena 2021-2026 Plan Estrategikoari; plan horrek aurreikusten du konpainiaren emaitza bikoiztea eta 1.700 milioi euroko ustiapen edo Ebitdaren emaitza gordina lortzea, zorra % 60 murriztea eta online salmenta biderkatzea, harik eta enpresa osoaren fakturazioaren % 30 izan arte. Ildo horretan, merkataritza-banaketako taldeak uztailaren 30ean itxiko du publikoarentzako salmenta Eibarko erdigunean, eta merkataritza elektronikoaren logistikara bideratuko du.

Victor del Pozo El Corte Ingleseko kontseilari ordezkariak Plan Estrategikoaren nondik norakoak azaldu zizkien akziodunei, eta honako hau nabarmendu zuen: “El Corte Inglesen etorkizuna retail bakarreko jarduera batean oinarritutako negozio-ekosistema bat eraikitzean oinarritzen da. Ekosistema horren helburua lau onura lortzea da: taldearentzako balioa eta errentagarritasuna maximizatzea, txikizkako merkataritza-salmentaren lehiakortasuna hobetzea, taldeko negozioen arteko sinergiak sortzea eta arriskuak gutxitzea”.

Del Pozoren esanetan, El Corte Ingles retailer batetik “zerbitzu eta negozioen ekosistema” batera aldatuko da, eta jarduera berriek garrantzi handia izango dute bertan. “Hau da, pertsonen bizitza errazagoa egiten duen enpresa bat, produktu eta zerbitzuen hautaketa onena eskaintzen duena”, gaineratu du.

Kontseilari delegatuak zehaztu zuenez, Plan Estrategikoa garatzen ari den El Corte Inglésen eraldaketak “ekosistema zabala” ezartzen du, eta bertan sartzen dira lehendik dauden retail eta no retail negozioak (bidaiak, aseguruak eta finantza-zerbitzuak), bai eta garatzen ari diren negozio berriak ere.

Ildo horretan, abian jarri diren lau jarduera-ildo berriak aipatu zituen: Corte Inglés Logistics (erreferentziazko operadore logistiko integrala), Sweno operadore mugikor gisa, Sweno energia-merkaturatzaile gisa eta Sicor hirugarrenei segurtasunarekin, zerbitzu osagarriekin eta alarmekin lotutako zerbitzuak eskaintzeko.

Egilea Andoni Beitia