Legorretako zur Prodema sektoreko langileek sei orduko greba mugagabea hasiko dute astelehen honetan, hitzarmen “duina” adostu eta lanaldia murrizteko eskatzeko.

LAB sindikatuak (batzordeko hiru ordezkariak) ohar batean atzo adierazi zuenez, azken bi asteetan bi eta lau orduko lanuzteak egin dituzte egunero, hitzarmenaren negoziazioaren “blokeoa” dela eta.

“Lanuzteak erabatekoak izan dira, baina zuzendaritzak ez ditu langileen aldarrikapenak onartu”, adierazi du sindikatuak. LABek gogorarazi du urte eta erdi igaro dela negoziazioa hasi zenetik.

Adierazi duenez, greba mugagabea egiteko aldarrikapenak “lanaldia zortzi ordu murriztea eta zuzendaritzak eguneko bederatzigarren lanordua ezartzeko une honetan dituen erraztasunak arautu nahi izatea” dira.

LABen ustez, “Lana eta familia uztartzea eta lana banatzea gizarte gisa dugun erronka garrantzitsuenetako bat da, eta eredugarria da langileak helburu horiek lortzeko borrokarako prest agertzea”.

Egilea Andoni Beitia