MAIALEN MUSATADI / 2019-12-09/ Eusko Jaurlaritzak abiatu du abiadura handiko trenaren (AHT) Donostiako geltokiaren obren lizitazioa, Euskal Trenbide Sarearen (ETS) bidez. Jaurlaritzak lanak 2020. urteko apirilean hastea aurreikusi dute; azaldu dutenez, horiek burutzeko epea 42 hilabetekoa da, eta, hortaz, lanak 2023an bukatuko dira. Proiektuak 97 milioi euroko aurrekontua du (BEZa barne), nahiz eta inbertsio osoa 101,5 milioikoa izango den, Jaurlaritzaren esantean.

Dena den, inbertsio osoa 101,5 milioi eurokoa izango da (BEZa barne), eraginpeko zerbitzuak leheneratzeak kostatuko duena (espediente independenteetan izapidetuko da) eta ondarea kontserbatu eta aberasteko lanetara bideratutako %1,5 kontuan hartuta, besteak beste.

Hala, Atotxakoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hiru hiriburuetan eraikiko diren AHTren hiru geltokietan lehena. Eraikuntza hori Eusko Jaurlaritzaren esku egongo da, 2017an Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioak zabaldu egin baitzuen AHTren Gipuzkoako tartearen enkomenda agindua.

Atotxako geltoki berria Norteko geltokiaren egungo arkitekturan eta Tabakaleraren ingurunean integratuta egongo da. Aldi berean, hainbat garraiobideren arteko konexioa sustatuko du: aldirietako trena, AHT eta autobusak (autobus geltokia independentea bada ere, konexioa nabarmen hobetuko da). Eptisa Cinsa-Jon Montero aldi baterako enpresen batasunak sinatutako proiektuak “erantzun integrala” eskainiko die Egia eta Erdialdearen arteko oinezkoen \uxuei, Jaurlaritzako arduradunek nabarmendu dutenez.

Bestalde, geltokiak atondo nagusi bat izango du, aldiriko trenen eta ibilbide luze eta ertaineko trenen erabiltzaile guztiek partekatuko dutena, bertatik sartu ahal izango da autobus-geltoki berrira eta bi solairuko aparkalekura ere. Horrela intermodalitatea optimizatuko da eta bertan bateratzen diren garraiobide publiko guztien erabiltzaileen joan-etorriak minimizatuko dira.

Halaber, ibilbide ertaineko trafikoak (Intercity) eta ibilbide luzekoak (UIC zabalera) 3 nasa nagusi izango dituzte. Nasa horietara sartzeko bi mailak komunikatuko dituen azpiko pasabide bat proposatzen da.

Egilea Andoni Beitia