Hydrok, aluminioaren industriako konpainiak, birziklatutako aluminioaren ekoizpen-ahalmena bikoiztuko du 10,4 milioi euroko inbertsioaren bidez, Irurtzungo estrusio plantan (Nafarroa).

Duela gutxi, Hydro Restore merkaturatu du konpainiak. Aluminio birziklatuaren kontzeptu berri horrek bezeroari gardentasun osoa ematen dio erabili den txatarraren edukiari dagokionez (aurrekontsumoa, estrusio-prozesutik datorrena, eta postkontsumoa, produktuen bizitza baliagarriaren amaieran berreskuratua), baita horien prozesamenduak sortu duen karbono-arrastoa ere.

Inbertsio horrekin, aluminio birziklatua ekoizteko eta Hydro Restore hornitzeko ahalmena urteko 30.000 tonatik 60.000 tonara igoko da. Konpainiak aurreikusi duenez, ahalmen handitze hori martxan egongo da 2023an, eta etorkizuneko hedapenetarako lehen urratsa izango da.

Proiektuaren barruan sartzen da galdatzeko labe berri bat instalatzea, errailen gainean gidatutako kargagailu batekin, zepatzeko makina berri batekin eta homogeneizatzeko labe berri batekin. Era berean, txatarrak birziklatzeko eta estalkipean gordetzeko ahalmena handituko da, eta horrek segurtasuna hobetzen eta arriskuak murrizten lagunduko du fusio-prozesuan.

“Ingurumena eta planetaren iraunkortasuna errespetatzen duten produktuen kontsumoarekiko kontzientzia soziala inoiz baino kezka handiagoa da gure bezeroentzat. Aluminio birziklatuaren eta jasangarriaren horniduran dugun posizioa indartzeko une egokia dela uste dugu “, adierazi du Ana Vazquez Hydro Extrusion Espainiako eta Portugalgo presidenteordeak.

Egilea Andoni Beitia