2,2 milioiko diru-laguntzak Nafarroako ardoaren sektorerako

Nafarroak 2.258.707 euro jasoko ditu mahastizaintza eta ardogintzaren sektorerako 2022ko ekitaldian, Espainiako Mahastizaintza eta Ardogintza Sektoreari Laguntzeko Programa Nazionalaren barruan (PASVE). Zehazki, 1.448.983 euro mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko neurriari dagozkio, eta 809.723 euro inbertsioei.

Nekazaritza eta Landa Garapeneko Konferentzia Sektorialean onartu dute erkidegoen arteko funtsen banaketa, eta Itziar Gomez Landa Garapen eta Ingurumen sailburuak hartu du parte bertan.

2022ko ekitaldian mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko neurriaren barruan, funtsen banaketa honako irizpide hauen arabera egin da: 2020ko uztailaren 31n landatutako mahasti-azalera, ekoizpenaren balioa eta ardoen adierazpen geografikoa 2019/2020 aldian.

Inbertsioetarako neurriaren laguntzei dagokienez, Nafarroako 16 upategi eskaera aurkeztu dira guztira. Erabilgarri dauden funtsak autonomia-erkidego bakoitzeko eskabide onenei esleitzen zaizkie, eta autonomia-erkidego horiek dute eskumena beren lurraldean kokatutako establezimenduetako inbertsio-eskaerak ebaluatzeko eta ebazteko.

PASVEk beste herrialde batzuetan ardoa sustatzeko, mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko (arrazoi sanitario eta fitosanitarioengatik birlandatzea barne), inbertsioak egiteko, azpiproduktuak destilatzeko eta uzta berdean emateko neurriak jasotzen ditu.

Halaber, ostegun honetan, Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsaren (FEMPA) 2021-2027 aldirako Programa Operatiboaren finantza-banaketarako Batzorde Sektoriala izan da, eta Gomez sailburuak ere parte hartu du.

Erkidegoei esleitzeko akordioan, Nafarroari 720.000 euro egokitu zaizkio, eta akuikulturaren sektorea sustatzeko erabiliko da.