MAIALEN MUSATADI / 2019-12-10/ CIC energiGUNEk, energia elektrokimikoa eta termikoa biltegiratzearen arloan Europan erreferentea den ikerketa zentroak, hasiera eman die Europa mailako CoFBAT proiektu barruko ikerketa lanei. Europako 9 herrialdetako beste 19 bazkiderekin batera hartzen du parte proiektuan. Partzuergo horren helburua “edukiera handiko kobaltorik gabeko bateria seguruetarako eta iraunkorragoetarako material aurreratuen soluzioak identifikatzea” da, “biltegiratze estatikoko aplikazioetarako”, eta azaroaren erdialdean egin zuen hasierako bilera, Belgikako Solvay kimika enpresaren instalazioetan.

CoFBAT proiektuaren helburua soluzio berritzaileak garatzea da, etxe partikularretarako eta gailu robotizatu industrialetarako energia deszentralizatua ekoizteko eta hornitzeko gero eta premia handiagoa asetzen duten hainbat aplikaziotarako egokia den teknologia modularra duten bateriak biltegiratzeko. Material eta osagai berriak garatu eta optimizatuko dira, bizitza erabilgarri handiagoa (10.000 ziklora arte, aukeratutako materialaren arabera), kostu txikiagoak (0,03 €/kWh/ziklora arte), segurtasun handiagoa eta birziklatze eraginkorragoa (>%50) lortzeko.

CoFBATek, material aurreratuetan eta bateriaren balio katean EBk duen lehiakortasuna indartuko du, kobaltorik gabeko soluzioak eta elektrolito polimeriko seguruak garatuz. Hori lortzeko, gaitasun handiko anodoak erabiliko dira, kobaltorik gabeko katodoekin eta elektrolito geleko bereizgailu askoz seguruagoarekin batera, bazkideek material aurreratuen inguruan duten ezagutza baliatuz. CoFBAT proiektuak baterien ekoizpeneko balio kate osoa biltzen du, materialetatik hasi eta baterien fabrikaziora, karakterizazio elektrokimikoa -CIC energiGUNEk esku hartzen duen fasea- eta bizi zikloaren ebaluazioa barne.

Ekimena Europako Batzordearen Horizon 2020 programaren 2019ko deialdiaren barruan dago, “Baterien belaunaldi berria” atalaren barruan. Torrecid buru den proiektuak Europako 9 herrialdetako 19 bazkideko partzuergoa biltzen du, eta horien artean, CIC energiGUNE erakundeaz gain, BRTA (Basque Research and Technology Alliance) erakundeko beste agente bat ere badago, Cidetec Fundazioa. 7,9 milioi euroko aurrekontuarekin, proiektuak 48 hilabete iraungo ditu.

CIC energiGUNEri buruz

CIC energiGUNE Europako erreferentziazko ikerketa gunea da energiaren biltegiratzearen arloan. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren arlo horretako ekimen estrategikoa da, eta Arabako Foru Aldundiaren eta Energiaren Euskal Erakundearen laguntza ere badu, eta energiaren eta biltegiratzearen sektoreko Euskadiko enpresa nagusiak ditu bere patronatuan: Iberdrola, Cegasa Portable Energy, Sener, Siemens-Gamesa, Ormazabal, idom, Solarpack, mondragon KORPORAZIOA eta nortegas.

Horrez gain, CIC energiGUNE Europa hegoaldeko energia biltegiratze arloko erreferentziazko laborategia da, beste inon ez dauden instalazioak baititu. Horien artean, biltegiratze elektrikorako (automoziorako egoera solidoko bateriak barne) eta biltegiratze termikorako prototipatu eta testeatze azpiegiturak azpimarratu behar dira. 500 argitalpen zientifikotik gora ditu eta urtean 35 industria proiektu baino gehiagotan hartzen du parte.

Proiektu honek Europar Batasunaren Horizonte 2020 ikerketa eta berrikuntza programaren finantzaketa jaso du, diru-laguntzetarako 875126 akordioan oinarrituta.   

Egilea Andoni Beitia