2017an, jakin-minak eta teknologia berritzaileekiko grinak batu zituen informatikan eta telekomunikazio-ingeniaritzan graduatu berri ziren bost gazte, eta ekintzailetzaren eta berrikuntzaren bidetik eraman zituen. Horrela sortu zen Purple Blob, sistemak integratzen eta IoT soluzio elkarreragile eta pertsonalizatuak garatzen espezializatutako I+G ingeniaritzako enpresa. Bilbon dago kokatuta, eta sei laguneko lantaldea du. Euskadi osoan eta estatu mailan eskaintzen ditu bere zerbitzuak eta produktuak, eta, duela gutxi, nazioarteko merkatura ere ari da gerturatzen, Japoniako Mitsubishi Electric-i produktu batzuk saldu ostean.
“Lizitazio publikoetara aurkezten ziren enpresa handientzako aholkularitza gisa hasi ginen, batez ere, 4.0 industriarekin eta Smart Cityekin zerikusia duen guztiari begira”, azaldu du Gorka García Martínez Purple Blobeko CEOak. “Hasiera horri esker, ‘expertise’-a irabazi genuen sektore horretan, eta hortik aurrera plataforma adimendun bat garatu genuen, industriaren eta turismoaren sektorean irtenbide pertsonalizatuak sortzeko aukera eman diguna”, gaineratu du.
Bizkaitarrek sortutako plataformak izaera dinamikoa du, eta, urte hauetan, aldatuz joan da hainbat sektore eta proiektu motatan inplementatzeko. “Produktu bat sortu dugu, eta orain gure bezeroaren beharren arabera zerbitizatzen dugu, hainbat arlo eta proiektutara egokituz”, azaldu dute. Lehenik eta behin, industria sektorean ezartzen hasi ziren, hala zehaztu du Garcíak: “Bezero batekin lanean gabiltza, adibidez, Espainiako iparralde osoan 400 gas biltegi monitorizatzen. Era berean, GAIArekin eta beste euskal enpresa industrial batzuekin batera egindako proiektuetan parte hartu ahal izan dugu, mantentze prediktiboko proiektuetan”. Plataforma Smart City delakoaren sektorera ere iritsi da; “inguruko udal askotan funtzionatzen ari da, eremuko CO2 kopurua edo eremu batzuetako edukiera neurtzen ditu; datu horiek edukita, udalek erabaki estrategikoak har ditzakete, egokiagoak eta eraginkorragoak, beraien esku baitituzte benetako datuak, denboran eta testuinguruan kokatuak”.
Turismo adimendunaren eredurantz
Berriki, ingeniaritza-taldeak turismo-sektorearen aldeko apustua egin du, zehazki, turismo adimenduneko eredu baten aldekoa. Eredu hori Huescako Aldundiarentzat garatzen ari da, “Huesca, Turismo Adimenduna eta Berritzailea” proiektuaren esparruan. “Proiektuaren gure zatia marka-ospeari buruzkoa da”, azaldu du Garcíak, “hau da, sare sozialetan, webguneetan eta abarretan esaten dena monitorizatzen dugu, eta datuak ateratzen ditugu probintzia bisitatzen duten pertsonek zer pentsatzen eta eskatzen duten jakiteko. Lortutako datuekin, jakin dezakegu lurraldeko administrazioak bere marketin kanpainak turismoaren esparruan nola bideratu behar dituen”. Horrez gain, enpresa bizkaitarraren CEOak honako hau gehitu du: “Turisten eskaria zein den jakinda, eskaintzen ari diren eta digitalizatuta ez dauden zerbitzuak digitalizatu ditzakegu. Huescara bidaian doazen pertsonei tirolina egitea interesatzen zaiela identifikatzen badugu, zerbitzu hori eskaintzen duten tokiko eragileekin lan egin dezakegu eta haien eskaintza digitalizatu, administraziotik jarduera hori indartuz”.
Horixe da gaur egun Purple Bloben jardueraren proiektu nagusia, eta, gainerako sektoreetan lanean jarraituko duen arren, turismoak eskaintzen dio proiekzio handiena: “Gure ustez, inportazio ahalmen handia duen produktu-eredua da; izan ere, sektore hori monitorizatzea eta digitalizatzea ez da oso ohikoa; tradizionalki marketina bakarrik landu izan da edo tokiko saltoki eta eragileekin lankidetzan aritu izan da, eta hori ere garrantzitsua da, baina monitorizatutako datuak eta informazioa izatea funtsezkoa da modu estrategikoan jarduteko eta balio erantsia emateko”. Enpresak hainbat alditan parte hartu du SPRI Taldeak bultzatutako Innobideak eta Hazitek bezalako programetan.