Urduritasuna nagusi da inbertitzaileen artean asteko egun garrantzitsuenean. Gaur Europako Banku Zentrala (EBZ) bilduko da, eta merkatuak kezkatuta agertu dira munduko hazkundearen motelaldiarekin eta banku zentralen estimuluen murrizketarekin. Ildo horretan, Christine Lagardek zuzentzen duen diru agintaritzak urrats sinboliko bat iragartzea espero dute adituek, eta larrialdiko laguntza ekonomikoa murriztea, zorraren erosketak murriztuz. Kontinente zaharreko indizeek behera egin dute, % 1 baino gehiago Ftse 100 eta Ibex indizeen kasuan. Zehazki, Ibex 35 indizeak % 1,1 egin du behera, eta 8.800 puntuko kotatik urrundu da.

Espainiako selektiboaren barruan, atzerakadarik handienak IAG enpresarentzat izan dira, % 3 baino gehiago galdu baitu. % 2 baino gehiago galdu dute Melia Hotelesek, Red Eléctricak eta Almirallek. Bankuek ere behera egin dute, % 1 inguru Caixabankek eta Sabadellek. Irabazien aldean, lau balio baino ez dira igotzen. Merlin Propoerties nabarmentzen da, % 1eko gorakadarekin.

Europan tonu negatiboa Asian izandako galeren ondoren iritsi da; izan ere, plaza zigortuenetako bat Hong Kongeko Burtsa izan da, % 1,17 galdu baitzuen, izen teknologikoak erorketen buru zirela. Bestalde, Nikkeik zortzi saioko bolada eten du, irabaziak % 0,57 jaitsi baitira. Gainera, Wall Streetek gorriz itxi zuen atzo, Coviden kutsadurek ekonomia suspertzea eragozten dutelako.

Aste honen hasieran, inbertsiogileek apustu bat egin zuten: ostiralekoa baino txikiagoa zen enpleguaren datua irakurrita, Erreserba Federalak atzeratu egingo zuen aktiboen erosketa masiboen murrizketa, eta MSCIren munduko akzioen indizea errekor berri batera bidaliko zuen asteartean. Hala ere, aldartea zuhurragoa bihurtu da ordutik, eta AEBetako banku zentralak pizgarriak murrizteko bidean jarraitzen duela adierazi zuten asteazkenean Fedeko zenbait agintarik.

Bestalde, Europako Banku Zentralak datorren hiruhilekotik aurrera larrialdietarako bonuen erosketen erritmoa murriztea espero dute adituek, baina 2024ra arte gutxienez bonoak erosten jarraituko dute, programa nagusiaren arabera, eta, ziurrenik, askoz gehiago. Gainera, hazkunde aurreikuspen ekonomikoak eguneratzea espero dute.

Erabakia hartu aurretik, euroa 1,1814 dolarrera jaitsi da, ostiraleko bi hilabeteko maximoa (1,1909 dolar) baino pixka bat beherago; dolarra, berriz, egonkor mantendu da beste dibisa batzuen saskiaren aurrean, aurreko hiru saioetan irabazi ostean.

Lehengaien merkatuan, Europan erreferentzia den Brent petrolioa 72,66 dolarreraino igo da upelean.

Egilea Andoni Beitia