Lan Ministerioak eta sindikatuek Lanbide arteko Gutxieneko Soldata igotzeko akordioa datozen orduetan ixtea espero dute. Hileko igoera 15 eurokoa izango da, 965 euroraino. Bi aldeek negoziatzen jarraitzen duten arren, sindikatuek KPIren azpitik igotzea onartuko lukete, baldin eta gutxieneko soldata datorren urtean 1.000 eurora iristeko konpromisoa hartzen badute.

Gainera, lanbide arteko gutxieneko soldata berria, Yolanda Diaz Lan ministroak nahi zuen bezala, irailaren 1etik aurrera izango da indarrean.

Gainera, eta aurreakordio horren arabera, Yolanda Diaz Lan ministroak irabazi du Nadia Calviño Ekonomia arduradunarekin duen lehia; izan ere, urrian indarrean sartzearen alde dago Calviño. Jakin berri den informazioaren arabera, gutxieneko soldataren igoera irailaren 1etik aurrera izango litzateke eraginkorra, eta hil honetako nominan jasoko litzateke.

Patronalak ez du bat egin akordio horrekin; izan ere, egungo egoera ekonomikoan LGSren igoerak oraindik zailtasunak dituzten enpresa askori eragin diezaiekeela uste zuen, baita enpleguaren sorrerari kalte egin diezaiokeela ere.

Dena den, akordioa berretsiz gero, LGSren igoera irailaren 22ko Ministroen Kontseiluak berretsiko du.

Euskal Herrian 52.000 langilek kobratzen dute gutxieneko soldata, 40.000 Euskadin eta 12.000 Nafarroan. Gehienak etxeko, ostalaritzako eta lehen sektoreko langileak dira.

Pedro Sanchezen Gobernuaren konpromisoa da LGSa gutxienez Estatuko batez besteko soldataren % 60 izatea legegintzaldian zehar. Hau da, 1.050 eurokoa izango litzateke soldata 2023an, 14 ordainsaritan.

Egilea Andoni Beitia