Elena Estomba Donostiako Londres Hoteleko zuzendaria da, baita Hotel Singular Villa Favoritakoa ere. Une honetan, beren egunerokoaren hiztegian dauden hitzak malgutasuna, egokitzapena, erresilientzia, ziurgabetasuna eta berehalakotasuna dira. Oso zaila dute bi hilabete baino gehiagorako plangintza egitea. Pandemiaren bilakaerak erritmoa markatzen die, eta horrek estres handia sortzen die langileei. Oso denbora laburrean ikasi behar izan dute erreakzionatzen, egoerari aurre egiteko. Pandemia dela eta, kongresu-jarduera berreskuratzetik urrun daude oraindik, eta, horren erruz, hotelen sektorea milioi askoko galerak pairatzen ari da. Turismoaren sektorearen suspertzea 2023an irits daiteke.
Gipuzkoako hotelek iragarri zuten % 60ko okupazioa espero zutela 2021eko udako kanpainan. Aurreikuspen berberak dituzue zure hotelean?
Bai, denboraldi hasieran horiek ziren on the books direlakoetan oinarritutako zifrak. Aurreikuspen horiek bete egin dira uztailean, eta harriduraz eta pozez, abuztuan gainditu egin ditugu, gutxi gorabehera % 85eko okupazioarekin itxiko baitugu.
Zer bilakabide izan du okupazioak urtarriletik maiatzera arte? Eta zein izan da zure apopiloen batez besteko egonaldia?
Gure kasuan, Villa Favorita martxoan ireki genuen. Martxoko okupazioa % 29koa izan da, apirilekoa % 48koa, eta maiatzekoa, % 55ekoa. Ekainean % 44ra jaitsi da. Londresen kasuan, hotela itxita izan genuen maiatzaren erdialdera arte, eta, beraz, lehen hilabeteetako okupazioa oso baxua izan zen maiatzaren 15era arte, eta maiatzeko gainerako egunetakoa, berriz, % 29koa. Hutsaren hurrengoa. Hilabete horietako batez besteko egonaldia ez da 1,5 gauera iritsi.
Erreserbei dagokienez, turista atzerritarrak dira nagusi, ala Estatuko beste leku batzuetako bisitariak izango dira ostatu gehien hartuko dutenak? Ikusten duzue aldaketarik bisitarietan?
Uda honetako erreserben jatorria, funtsean, nazionalak dira. 2019ra arte, hilabete hauetan, bezeroen % 80-85, gutxi gorabehera, atzerrikoak genituen, eta gainerakoak nazionalak. Aurten guztiz kontrakoa izan da: % 70-75 nazionalak, eta gainerakoak atzerritarrak. Bezero-profilari dagokionez, nazionalitateaz gain, familien segmentuak gora egin duela egiaztatu badugu ere, bikote asko etorri dira. Distantziak eta mugitzeko bitartekoak eragina izan dute aldaketa horretan, zalantzarik gabe.
COVID-19a dela eta, hotela itxi behar izan al duzue noizbait? Nola egin zenieten aurre konfinamenduari eta ondorengo ziurgabetasun handiko aldi osoari?
Esan bezala, bi hotelak itxita izan ditugu. Londresen kasuan 8 hilabete, eta Villa Favoritaren kasuan 6 hilabete. Irekita izan genituen hilabete batzuetan ere, asteburuetan bakarrik ireki genuen, eta astegunetan itxi, ez baitzegoen bezerorik izateko aukerarik, mugikortasuna hain mugatuta egonda. Nola egin diogu aurre? Bada, etapa askotatik igarota. Harriduraz, nahasmenaz, gertatzen ari zena sinetsi ezinik, kontua zertan zen ideiarik ere ez izanik… Baina etengabe aritu gara gauzak egiten, webguneak eguneratzeko aprobetxatu dugu, salmenta-tresnak hobetu ditugu, hotelean lan egiten dugun jendea konektatuta mantentzen saiatu gara, jakinik egoera etxetik bizi izango zutela, ziurgabetasun osoz. Errusiar mendi batean bezala, batzuetan baikorrago, beste batzuetan ezkorrago.
Zer balorazio egiten duzu Udalak, Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako laguntza-programei buruz? Nahikoak al dira pandemiak eragindako galera handiak nolabait arintzeko?
Zintzotasunez, inola ere ez. Ez dira nahikoak izan jasan ditugun galeretarako. Gehienez 8.000 euroko laguntzei buruz ari gara, eta ehunka mila euro galdu ditugu. Esan dezaket Aldundian behintzat interesa egon dela eta enpatia agertu dutela gure egoeragatik, eta, horrek arazoa konpontzen ez badigu ere, eskertzen da. EJren kasuan, gogorra izan da errealitatea egiaztatzea, ez baitute inolako apusturik egiten sektore honen alde.
San Sebastian Eguna, inauteriak eta Aste Nagusia bertan behera uzteak, eta Zinemaldia erdizka egiteak, izugarrizko eragina du hiriko bizitza ekonomikoan. Asko eragin al dizue horrek? Ostalaritzako eta hotelen sektoreko zenbaiten ustez, gehiegizkoa da jarduera sortzen duten jai-ekitaldiak bertan behera uztea. Zer deritzozu horri?
Jakina, asko eragin digu. Ez dakit ekitaldiak bertan behera uztea gehiegizkoa den ala ez, ez dagokit niri baloratzea, ulertzen baititut pertsonak babesteko hartzen diren neurriak… Osasunaren gaia funtsezkoa da, eta, maila horretan, beharrezkoak eta egokiak diren erabakiak hartu behar dira. Hortik aurrera, beharrezko erabaki horiengatik kalte gehien jasan duten enpresei lagundu behar zaie, ez daitezen ito. Sektore batzuek askoz ere eragin txikiagoa jasan dute, eta pandemia denon kontua da. Osasun-arloan hobetzeko, jarduera batzuk murriztu behar badira, eskatu ziguten bezala. Halaxe egin genuen, baina, horrexegatik, enpresa horientzako laguntzek zuzenekoak izan behar zuten, eta, jakina, askoz ere handiagoak.
Kostatuko al da helmuga turistikoaren sustapen-bide osoa berreskuratzea, turistak erakartzeko eta nazioarteko azoketan egoteko? Euskadi marka kanpoko merkatuan kokatzeko estrategiaren bat falta da?
Donostia helmuga turistiko sendoa da, eta horrek lagundu egiten du. Hala ere, aldaketak ikusten ari gara bezeroen targetean, aldaketak MICE segmentuan, aldaketak eskaintzan, aldaketak kontsumo-ohituretan… Jendeak gune publikoez gozatu nahi du, eta horrek ekarriko du birplanteatzea gure eskaintza, guneak… Agian, bisitatzen ez genituen azoka batzuetara joango gara, eta ezer eskaintzen ez digutenetara joateari utziko diogu. Makina gelditu egin da; jada ez dago inertziarik. Erritmo berri bat markatzeko zer helmuga mota izan nahi dugun pentsatzen eta planifikatzen lan egin dezakegu.