ANGEL ERRO / Javier Remirez Nafarroako lehendakariordea egunotan atera da Landabengo fabrikan auto elektrikoak ekoiztuko direla esatera. Ez da ez genekien ezer; aspaldidanik dago iragarrita, eta, antza, ziurtatuta zegoen, baina zerbaitegatik sentituko zuen notizia berritzeko beharra. Beharbada, egunotan ere auto elektrikoa erosten duenak jasoko dituen dirulaguntzak (Nafarroan 14.500 euro artekoak) notizia izan direlako. Dirulaguntza bitxia, erregresibotik daukanagatik (dagoeneko diru dezente duenari ematen zaio, laguntzarekin ere ez baita erosketa merkea auto elektrikoa). Argi dago hemen horixe dela etorkizuneko apustua. Hidrokarburoak atzean utzi, baina kotxea ez. Auto elektrikoak ekoizteak ere (gutxiago bada ere) kutsatzen duelako errealitateari entzungor egitea, momentuz. Erkidegoaren ekonomia oraindik horretan sustengatzen delako. Dirulaguntzak, beraz; epe luzeagorako irtenbideak bilatzea baino errazagoa delako. Ez dakit merkeago ere. Beste toki batzuetan, autoa barik, bizikleta elektrikoak bultzatzen ari dira, halako renove plan bat eta guzti.

Egilea Admin