Euskadiko industria-jarduera % 8,5 hazi zen 2021eko abuztuan, 2020ko hil beraren aldean, eta % 13,0ko hazkundea metatu zuen urteko lehen zortzi hilabeteetan. 2020ko abuztuaren aldean, ekoizpen-indizearen bilakaera positiboa izan da industria-sektore handi guztietan, Energian izan ezik, urte arteko tasan % 5,9 jaitsi baita, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak emandako datuen arabera.

Ohar batean azaldu dutenez, abuztu hau 2021eko uztailarekin alderatuz gero, euskal industri produkzioa % 0,3 hazi da, urtaroen araberako ondorioak zuzendu ondoren.

2021eko abuztuko indizearen bilakaera positiboa izan da industria-sektore handi guztietan, Energian izan ezik ( % 5,9 jaitsi da). Sektore honetan energia elektrikoaren ekoizpena eta hornidura eta petrolioa fintzea sartzen dira.

Ekipo-ondasunak (ibilgailu motordunen fabrikazioa, lokomotorren eta trenbide-materialaren eraikuntza eta aeronautika edo ontzigintza) % 20,8 gehitu dira.

Era berean, tarteko ondasunetan (metalurgia eta metalezko produktuen fabrikazioa, industria kimikoa eta kautxuzko eta plastikozko produktuen fabrikazioa) % 8,5eko urte arteko igoera ikusi da.

Kontsumo-ondasunek, oro har, % 4,5eko hazkundea izan dute, kontsumo-ondasun iraunkorrek % 22,2koa eta kontsumo-ondasun ez-iraunkorrek % 1,8koa. Kontsumo-ondasun iraunkorrak epigrafean, altzariak eta etxeko tresnak fabrikatzeko jarduerak agertzen dira.

Elikagaien fabrikazioa, prozesatzea eta kontserbazioa, garbiketarako eta higienerako produktuen fabrikazioa eta jantziak egitea dira, besteak beste, kontsumo-ondasun ez-iraunkorren sektore handiaren barruko jarduerak.

Euskal industriako pisurik handieneko sektoreen artean, 2021eko abuztuan urte arteko susperraldi handiena izan dutenak garraio-materiala ( % 42,7), zura, papera eta arte grafikoak ( % 18,2) eta metalurgia eta metalezko produktuak ( % 16,9) izan dira.

Aitzitik, urte arteko bilakaeran zeinu negatiboa izan duten sektoreak honakoak izan dira: energia elektrikoa, gasa eta lurruna ( % 10,4), Material eta ekipo elektrikoa ( % 9,1) eta Kautxu eta plastikoak ( % 1,0).

Industri Produkzioaren Indizearen urte arteko bilakaera positiboa izan da abuztuan hiru lurralde historikoetan. Horrela, Araban % 18,5eko igoera izan da, Gipuzkoan % 6,8koa eta Bizkaian % 5,0koa.

2021eko lehen zortzi hilabeteetako metatuan, Gipuzkoan hazi da gehien industri jarduera, % 15,5eko igoerarekin; ondoren datoz Araba ( % 12,6) eta Bizkaia ( % 10,6).

Avatar

Egilea Andoni Beitia