Elektrizitateak beste % 9,2 igo eta Europa kolokan jartzen du

Energiaren prezioen igoeraren aurrean estatu kideek eta Europar Batasuneko erakundeek hartzen dituzten neurriak koordinatzeko eskatu zuen atzo Europako Batzordeak. “Hemen gakoa koordinazioa da, ekimen komunak eta nazio mailan hartutako neurriak koordinatu behar ditugulako”, adierazi zuen Paolo Gentiloni Europako Ekonomia komisarioak. Gogorarazi zuen Batzordea komunikazio bat prestatzen ari dela munduko gas-eskariak prezioetan duen eraginari buruz.

Ildo horretatik mintzatu zen politikari italiarra euroguneko (Eurotaldea) Finantza eta Ekonomia ministroek Luxenburgon egindako bilerara iritsi zenean. Bilera horretan energiaren eta inflazioaren prezioen igoera izan zen hizpide.

Komisarioak azpimarratu zuen neurriak behar direla elektrizitatearen zenbatekoen gorakadaren aurrean, eta gaineratu zuen “etxe ahulenak” estali behar dituztela.

“Jakina, neurri horiek trantsizio klimatikorako jarraitu behar dugun bidearekin kontraesankorrak izatea ere saihestu behar dugu”, azaldu zuen, eta “berehalako erantzunaren beharraren arteko oreka” bilatzeko deia egin zuen, erantzun hori “trantsizio klimatikorako epe ertaineko helburuen” aurkakoa ez izateko.

Espainiako handizkako merkatuan elektrizitatearen eguneko batez besteko prezioa % 9,2 igoko da astearte honetan, 203,68 eurora arte megawatt ordua (MWh), serie historikoko bigarren erregistrorik altuena, aurreko ostiralean lortutako 216 euroen atzetik. Urriak orain arte ikusitako bi prezio altuenak izan ditu bost egunetan, eta joerak gorantz jarraitzen du erregistro berri honekin, hau ere inoizko astearterik garestiena izango baita. Prezioa % 11,5 igoko da duela astebete baino, orduan Espainiako handizkako merkatuan elektrizitatearen prezioa 182,71 euro/MWh-koa baitzen.