Euskal arrantzaren eta akuikulturaren sektoreak 14,8 milioi euro jasoko ditu laguntzetan. Kopuru hori, gehienbat, Itsas eta Arrantzaren Europako Funtsetik dator, eta 3,7 milioi Eusko Jaurlaritzatik.

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak atzo onartu zuen pertsona fisiko eta juridikoek, arrantzako eta ekoizleen erakunde profesionalek, kofradiek eta erakunde zientifiko eta teknikoek jaso ahal izango dituzten diru-laguntzak arautzen dituen agindua.

Laguntza horietatik 9 milioi arrantza jasangarrira bideratuko dira, 3,8 ekoizpen- eta merkaturatze-plan eta -neurrietara, eta gainerakoa akuikulturara.

Diruz lagundu ahal izango dira berrikuntzan, belaunaldien arteko txandakatzean, osasunean eta segurtasunean egiten diren inbertsioak, bai eta arrantzak itsas ingurunean duen eragina mugatzeko, espezieak babesteko, biodibertsitatea berreskuratzeko eta eraginkortasun energetikorako ezartzen diren neurriak ere.

Egilea Andoni Beitia