Eusko Jaurlaritzak beste epe bat irekiko du gaur covid-19ak eragindako enpresa eta autonomoen kaudimena babesteko zuzeneko laguntzetarako eskabideak aurkezteko. Epe hori 2021eko azaroaren 5eko 12: 00etan amaituko da. Euskal Autonomia Erkidegoak 218 milioi euroko aurrekontua du programa honetarako.
Gobernu Kontseiluak laguntzak aldatzen dituen agindua onartu zuen urriaren 13an. Laguntza horiek zenbait berrikuntza dituzte ekainaren 29an onartutakoarekin alderatuta, eta horiek Gobernu zentralak irailaren 14an onartutako arau juridikoaren ondorio dira.
Hala, aldaketak sartu dira autonomoentzako eta enpresentzako zuzeneko laguntzen Covid lerroaren xedean eta aplikazio-eremuan, laguntzek estaltzen duten denbora-eremua zabalduz eta zenbait alderdi argituz, laguntzen “eragin dinamizatzailea maximizatzeko”. Zehazki, lau hilabetez luzatu da laguntzak emateko epea, maiatzaren 31tik irailaren 30era arte.
Gainera, covid-19aren egungo agerraldiaren testuinguruan ekonomia babestera bideratutako Estatuko laguntza-neurriei buruzko Europar Batasunaren Aldi Baterako Esparruan aurreikusitakoaren ildotik, argitu du, laguntzak bideratu daitezkeen helburuen barruan, egindako kostu finkoen kontzeptuan sartzen direla laguntza horiek edo beste batzuek jada estali ez dituzten kontabilitate-galerak.
Finantza-egitura alde batera utzita, galerek enpresen ondare garbiaren murrizketa islatzen dute, eta, beraz, horiek konpentsatzeko laguntzen aplikazioa, sortutako obligazioak eta zorrak estali ondoren, koherentea da enpresa-kaudimena indartzeko helburuarekin, ekonomiaren susperraldia, inbertsioa eta enpleguaren sorrera errazteko helburuarekin.
Berrikuntza horiek sartzeko, egokiagotzat jotzen da lehendik dagoen deialdi-aginduaren oinarriak aldatzea, eskabideak aurkezteko epea berriro irekiz. Aurreko epea irailaren 30ean amaitu zen.
Gaur bertan, Eusko Legebiltzarrak deialdia egokitzeko eskatu dio Iñigo Urkulluren Gobernuari, laguntza horiek jaso ditzaketen kolektiboek “ahalik eta azkarren jaso ditzaten” –