Guztira 1.404 pertsona aurkeztu dira larunbat honetan Barakaldoko BECen Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak Euskadiko Udaltzaingoaren bitarteko lan-poltsa hornitzeko abian jarri duen hautaketa- eta prestakuntza-prozesura.

Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez, helburua udalei laguntzea da, batez ere txikiei, prestakuntza eta gaitasuna duten pertsonak izan ditzaten, udaltzaingoen plaza hutsetan berehala sar daitezen.

Hautaketa-prozesua oposizio-sistemaren bidez egingo da, ezagutza, nortasun eta psikoteknikoko proba eta ariketekin.

Proba horiek arrakastaz amaitzen dituzten pertsonek berariazko prestakuntza-aldi bat izango dute lanposturako, eta, gainditzen dutenean, Ikastegiak urtea amaitu baino lehen Euskadiko udalen eskura jarriko dituen bitarteko lan-poltsetan sartuko dira.

Horrela, 2.395 pertsonak eman zuten izena hautaketa-prozesu horretan, eta horietatik 1.404 egin dituzte lehen probak. Horietatik 967 gizonak dira ( % 68,87) eta 437 emakumeak ( % 31,13). Gehienak Euskaditik datoz (Araba 139, Bizkaia 967 eta Gipuzkoa 286) eta 25 urtetik beherakoak dira.

Gainera, gaur goizean bertan, 12: 30ean, Barakaldoko BECen, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak martxan duen Udaltzaingoko laguntzaileentzako hautaketa- eta prestakuntza-prozesuaren ezagutza-proba egingo da. Proba honetan 824 pertsonak hartuko dute parte: 555 gizon ( % 67,35) eta 269 emakume ( % 32,65).

Egilea Andoni Beitia