Lourdes Iscar Reina Osalaneko zuzendari nagusia da. Medikuntza eta Kirurgian lizentziatu zen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan; Laneko Medikuntzan Espezialista da, BAME bidez; Laneko Arriskuen Prebentzioko goi-mailako teknikaria da, Laneko Segurtasuna, Higiene Industriala eta Ergonomia eta Psikosoziologia Aplikatua espezialitateetan; eta ikuskatzailea, laneko arriskuen prebentzioan, kalitatean eta ingurumenean. Carrefour Taldeko Osasunaren Zaintzako arduraduna izan zen 4 urtez, eta, ondoren, taldeko Prebentzio Zerbitzuko arduradun izendatu zuten Estatu mailan, Osalanen sartu zen arte. Osalanen duela ia 9 urte hasi zen lanean, azken 3 urte eta erdian, Laneko Osasunaren Unitateko arduradun gisa.
Antsietatea eta depresioa izan ziren laneko bajaren lehen kausa Estatuan 2020an. Digitalizazioa, hiperkonexioa, monitorizazioa, ikusezintasuna eta isolamendua ere lotuta al daude horrekin?
2020ari dagokionez, COVID-19arekin bizi izandako egoera premiazkoak lan-modu ez-presentziala ekarri zuen, telelanetik bereizi beharrekoa, irizpide definituak dituen lan-modalitate bat baita. Aurrez aurrekoa ez den modu hori, azkar egin behar izan zelako, aldez aurretik ebaluatu ez den lan-baldintzaren batekin garatu ahal izan da.
Langileen zahartzeak gaixotasun kroniko gehiago dakartza. Zer motatako prebentzioa egin behar da horren aurrean?
Zahartze Aktiboaren Euskal Estrategiak jasotzen duen bezala, Euskadik bizitza luzearen iraultzari aurre egin behar dio, nazioarteko paradigma bihurtuta. Gaur egun, Euskadin, EAEko biztanleriaren % 20,2k 65 urteko muga gainditu du, eta horietatik % 31,5ek 80 urte edo gehiago ditu. Etorkizuneko aurreikuspenen arabera, 2029rako 600.000 pertsona inguruk 65 urte izango dituzte gutxienez; beraz, biztanleria osoaren ia herena izango da, % 29.
Emakumeen lan-berdintasunak eragina du haien osasunean. Zein aurrerapen egin dira genero-ikuspegiari dagokionez?
Hain zuzen ere, OSALANeko genero-taldea gida bat prestatzen aritu da, enpresa eta erakundeen prebentzio-kudeaketan genero-ikuspegia txertatzeko jarraibideak emateko. Gizonek eta emakumeek lanari dagokionez baldintza eta posizio sozial eta ekonomiko desberdinak dituztela eta istripu-tasaren eta gaixotasun profesionalen azterketan genero-ikuspegia aplikatu behar dela egiaztatuta, laneko arriskuen prebentzioan genero-ikuspegia txertatzea da arlo horretan egin beharreko bidea.
Lan-prekarietateak 18 langile hil ditu aurtengo uztailera arte Euskadin. Lan-istripuek % 18,7 egin dute gora. Azpikontratazioa mugatu beharko al litzateke laneko istripuak murrizteko?
Azpikontratazioa gero eta hedatuago dagoen zerbitzua da, eta, gainera, kasu horietan beste ezaugarri bat gehitu ohi da: hainbat enpresak lantoki berean lan egitea. Hortik abiatuta, agerikoa da enpresa-jardueren koordinazioa beharrezkoa dela hainbat erakunderen lanen arteko elkarrekintzek sortutako arriskuei erantzuteko.
Osalanek Euskadiko aldi baterako nekazaritza-lanean COVID-19ari eusten lagunduko du. Zein neurri hartuko dira horretarako?
Eusko Jaurlaritzak jarduera-protokoloa aktibatu du sasoikako langileen mugimenduak lurraldeen artean sortzen dituen arazoei aurre egiteko; izan ere, COVID-19ak eragindako pandemiaren egungo egoerak errefortzu espezifiko bat eskatzen du, bai ostatu- eta lan-baldintzak bermatzeko, bai birusaren aurkako prebentzioa eta babesa bermatzeko.
Zer abantaila lehiakor dakartza laneko arriskuen prebentzioan inbertitzeak?
Prebentzio-politika egokia langileekin ondo koordinatua eta adostua izatea da, alde batetik, bake sozialeko giroa lortzeko modurik eraginkorrenetako bat, eta, bestetik, ez arbuiagarriagoa, ingurune parte-hartzailea lortzekoa ere, non langileak enpresaren etengabeko hobekuntzetan inplikatuta sentituko diren.
Zergatik ez du enpresa-sareak oraindik erabat barneratu prebentzioan inbertitzea ez dela gastu bat, inbertsio argi bat baizik?
Nire ikuspuntutik, laneko arriskuen prebentzioa inbertsio gisa ikusteko zailtasuna, gastu gisa ikusi beharrean, gertatzen ez direnak kontabilizatzeko zailtasunean datza; hau da, istripuak edo gaixotasun profesionalak agertzea prebenitzen badugu, lehenik eta behin pertsonen osasuna bermatzea lortzen dugu, eta hori da garrantzitsuena, baina, gainera, ez dago istripu edo gaixotasunaren ondoriozko kosturik, kostu medikoak, materialak, konpentsazioak, pertsonen ordezkapenak eta abar.
Zein tresna dira funtsezkoak edozein erakundetako pertsonei laneko prebentzioa arrakastaz eramateko?
OMEk berak Lantoki Osasungarriak ezartzeko jarraibideetan jasotzen duen bezala, lantoki osasungarri bat lortzea lan-giro osasuntsu eta segurua sortzea da, non laneko osasunaren sustapena jardunbide egokien kudeaketaren zati integrala den, non erakundeak lantokian bizimodu onuragarriak eta osasungarriak sustatzen dituen eta langileen prozesuan parte hartzea bermatzen duen, ondorio positiboetara hedatuz.
Amiantoa 2002tik debekatuta dagoen produktua da, baina aurreko hamarkadetan asko erabili zen, eta eragina izan zuen langile askoren osasunean. Zeintzuk dira Osalanen ardurak eremu honetan?
Amiantoarekiko esposizioagatiko patologiarik ohikoenak (25 eta 40 urte edo gehiagoko latentzia-aldia dute) hauek dira: asbestosia, alde biko fibrosi pleuraleko plakak, fibrosi pleural lausoa, bronkio-biriketako minbizia, pleurako mesotelioma eta laringeko neoplasia. Gaixotasun larriak dira, eta, zentzu horretan, Osalanen kezka nagusia da osasun-zaintza espezifiko egokia egin behar zaiela beren bizitza profesionalean amiantoaren eraginpean egon diren pertsonei, edo egun amiantoa duten materialak kentzeko lanetan ari direnei.