Duela 15 urte, Iurretan kokatutako Lebario enpresa bizkaitarrak nazioartekotzearen aldeko estrategia berria zehaztu zuen, Europa ekialdean eta Mexikon lantegi berriak irekita. Hori horrela, 120 lanpostu baino gehiago sortu zituen, horietatik 50 euskal egoitzan.
Gaur egun, aluminioa eta magnesioa injektatzeko moldeak diseinatu eta eraikitzen ditu, 4.500 tona arteko makinentzat; automobilgintzan eta balio erantsi handiko produktuetan espezializatuta dago, eta hurrengo helburua sektorean erreferente bihurtzea da. Merkatu nagusia Europakoa du, non euskal enpresak automobilgintzaren sektoreko herrialde liderrentzat lan egiten duen. Enpresa 1967an sortu zen, eta automobilgintzaren sektoreko enpresa nagusientzat lan egiten du. Horretarako, aluminioa injektatzeko moldeak eta piezak automatikoki ekoizteko erabiltzen dituzten prozesuan laguntzeko tresnak diseinatu, fabrikatu, prestatu eta mantentzen dituzte. Gainera, aluminioa eta magnesioa injektatzeko moldea ekoizten dute.
Automobilgintzaren sektorea punta-puntakoa da, eta, horregatik, enpresek berrikuntzak egin behar dituzte, soluzio berrien bila. “Berrikuntzaren aldeko apustua egiten dugu, sektoreko enpresekin lankidetzan arituz tokiko, estatuko eta nazioarteko proiektuen garapenean”, adierazi du zuzendari nagusiak. Ildo horretan, Iurretako enpresak Eusko Jaurlaritzak bultzatutako hainbat programatan parte hartu du, batez ere berrikuntzan eta nazioartekotzean.