Kaosa atarian

MIKEL P. ANSA / Txinako lantegi batzuk itxita daude gobernuaren aginduz, energia aurrezteko, eta argindar etenak ere izan dituzte eskualde batzuetan. Erresuma Batuan, eskasia sumatzen hasiak daude supermerkatu batzuetan, garraiolari faltagatik, besteak beste. Euskal Herrian, automobilgintzari lotutako milaka langile etxera bidaltzen ari dira, hornigai faltagatik. Mikrotxipak falta dira, erdieroaleak ere bai, lehengai metalikoen produkzioa jaitsi da, plastiko bilgarrien krisia ere badago, produktu kimikoena, egurra ez dago sobran… Edo dagoena ezin da garraiatu, itsaso bidezko garraioa erotuta dabilelako: prezioak bost aldiz garestitu dira; erostun onenak mugitzen ditu ontziak, eta besteen hornigaiak portuetan daude. Erregai fosilak garestitzen ari dira, eskasiagatik edo gai horiek baztertu eta deskarbonizazioan inbertitzeko joeragatik. Eta hori guztia, Txinak eta Europak energia trantsizioaren erronka ustez serioago hartu duten honetan: alegia, CO2 isuriak garestitu egin dira, bai eta elektrifikazioaren eraginez ezinbestekoak bihurtu diren materialak ere, litioa eta kobaltoa adibidez.