Berrikuntza irekiko BIND 4.0 plataformak euskal enpresa txiki eta ertainen digitalizazioa bultzatzeko ekimen bat jarriko du abian, azaroaren 5etik abenduaren 22ra bitartean hautagaitza aurkezten duten startup teknologikoekin kontratuak sinatuz. Spri taldeak jakitera eman duenez, 23 ETE industrial berritzailek programa berri honetan parte hartuko dutela baieztatu dute.

BIND 4.0 SME Connection delakoak Euskadiko ETE industrialen eta startup teknologikoen arteko lankidetza lortu nahi du, proiektu berritzaileen garapena batera sustatzeko.

Leyre Madariaga Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendariak azaldu duenez, BIND 4.0 SME Connection sortu da, euskal enpresa txiki eta ertainak BIND 4.0 esparruan garatutako esperientziaz balia daitezkeelako startupekin duten elkarreragina bultzatzeko eta haien lehiakortasuna hobetzeko, teknologia berriak aplikatuz eta digitalizatuz.

“Euskadiren ezaugarria da enpresa txiki eta ertainek pisu handia duten industria-sarea izatea, teknologia-maila handikoa eta negozio-eredu berritzaileak dituena”, gogorarazi du.

BIND 4.0 SME Connection ekimen publiko-pribatu berri bat da, industriako klusterren antolakunde dinamizatzaileekin eta Euskadiko erreferentziazko ETEekin lankidetzan sortua.

Programa honek hiru helburu nagusi ditu: Euskal ETEen eraldaketa digitala bultzatzea startup-ekin lan eginez (berrikuntza irekia), startup-ei merkatuan sartzen laguntzea eta industriaren egungo erronkei erantzuna emango dien irtenbide bat garatzea, finkatutako ETEekin lankidetzan arituz, eta, azkenik, startup-ak Ekintzailetzaren eta Berrikuntzaren Euskal Ekosisteman.

Guztira, 23 ETE berritzailek baieztatu dute BIND 4.0 programa berri honetan parte hartuko dutela, Euskadiko Kluster Sektorialen Erakunde Dinamizatzaileen bitartez. Erakunde horietako kide dira, besteak beste, Uptek (AFM), makina eta erremintako klusterra, Aclima, ingurumen-sektoreko klusterra, Energia Klusterra eta Acicae, automozioko klusterra.

Parte-hartzaileak hautatzeko, klusterren antolatzaile dinamizatzaileek, lehenik eta behin, parte hartzen duten ETEen beharrak identifikatzen dituzte, eta, horretan oinarrituta, erronka sektorial desberdinak proposatzen dituzte, hautagaiek erantzun beharrekoak, irtenbide teknologiko disruptiboak aplikatuz.

Erronka horiek ondoen ebazten dituzten proposamenak aukeratu ahal izango dira BIND 4.0 SME Connection programaren lehen edizio honetan, euskal enpresa txiki eta ertainekin lankidetzan.
ONURAK

SPRIk azpimarratu duenez, programa horrek “onura ugari ditu, bai startupentzat, bai ETEentzat”. Ildo horretan, azaldu duenez, alde batetik, startupek fakturazio errealeko proiektu bat gara dezakete, merkatuan sartzeko aukera dute, sektorean finkatutako bezeroen erreferentzia eta esperientzia izan dezakete, “Proiektuaren garapen arina, enpresa txikiagoekin egindako lanari esker, eta startuparen irudia eta marka posizionatzea lor dezakete”.

Bestalde, ETEek talentu berritzailerako sarbide zuzena dutela, negozio-aukera berriak sor ditzaketela eta lehiakortasuna hobetzeko barne-gaitasun berriak gara ditzaketela adierazi du.

Parte hartu ahal izateko, startupek baldintza batzuk bete behar dituzte. Horietako bat industria-sektoreari aplikatutako teknologia berrien garatzaileak izatea da, eta, horrez gain, produktu edo zerbitzu bat izatea, ikusteko, probatzeko edo merkatuan erabiltzeko modukoa. Ez dute zortzi urte baino gehiago izan behar, eta teknologia berriak erabili behar dituzte prozesu industrialak hobetzeko. Startupak azaroaren 5etik abenduaren 22ra bitartean eman ahal izango dute izena www.bind40.com programaren webgunean.

Egilea Andoni Beitia