MAIALEN MUSATADI / 2019-12-26/ Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) kudeatutako dirulaguntzen programak 15 milioi euro banatuko ditu 2019an kontsumoa murriztera bideratutako energia eraginkortasuneko eta energia berriztagarriei lotutako jardunen artean. Zehazki, erakundeak 3.598 eskaera onartu ditu, eta energia berriztagarriei lotutako proiektuen igoera n autokontsumoari lotutakoak.
Euskal energia erakundeak jakinarazi duenez, 2019ko dirulaguntze balantzea “oso positiboa” izan da, hainbat sektoretan kontsumoa 29.658 ptb/urte (petrolio-tona baliokideak) murrizten lagundu duelako, hau da, Euskadiko amaierako % 0,6 urte batean.
“Ekarpen handia da Eusko Jaurlaritzaren 2030erako Energia Estrategiaren kontsumoa murrizteko eta deskarbonizazioko helburuak lortzeko, eraginkortasunean eta berriztagarrietan oinarritutako karbono gutxiko eredu bateranzko energia trantsizioaren esparruan”, azaldu du.
Guztira, Energiaren Euskal Erakundeak 15 milioi euro banatu ditu diru laguntzetan: 11,1 milioi inguru aurrezki eta eraginkortasun programetarako eta 3,8 milioi inguru energia berriztagarrietarako. Era berean, laguntza horien bitartez teknologia eraginkortasunean eragindako inbertsioa 124 milioi eurotik gorakoa izan da.
Energia kontsumoa murriztera eta eraginkortasuna sustatzera bideratutako proiektuetarako laguntzetan 3.066 eskaera onartu dira, eta guztira 11,1 milioi euro jaso dituzte. Atal honen barne daude industriako, hirugarren sektoreko, toki administrazioko, industrialdeetako eta mugikortasuneko proiektu guztiak. Mugikortasunean egindako ahalegina nabarmendu da, hiru laguntza programa kudeatu baitira mugikortasun eraginkortasunaren hainbat alderdi laguntzeko; 8,2 milioi euro banatu dira, sektorean erregaien kontsumoari eusteko asmoz.
Ibilgailuen Renove Plana
Halaber, beste programetako bat Ibilgailuen Renove Plana izan da, eta bi hilabetean 2.411 ibilgailu zahar ordezkatu ziren eraginkortasun handiko ibilgailuekin. Era berean, Euskadiko Moves programak 235 jarduni eman die laguntza; 123 jardun karga puntuen instalazioari lotuta, eta 112 jardun ibilgailuei lotuta, ibilgailu horien %95 elektrikoak izanik.
Industriako eta hirugarren sektoreko jardunek 125 eta 141 proiektu bildu dituzte, hurrenez hurren; lehenengoak 1,3 milioi euro jaso dituzte, eta bigarrenek 920.000 euro. Toki administrazioek 79 hobekuntza proiektu egin dituzte, eta 653.000 euro banatu zaizkie, batez ere argiteria publikoa hobetzera bideratuz.
Energia iturri berriztagarrien aprobetxamendurako programak martxan jartzeko laguntzak ere izan dira 2019an: 7,8 MW instalatu dira, 276 proiektutan banatuta, ia osorik autokontsumorako eguzki instalazio fotovoltaikotan. Duela bi urte, proiektu mota horrek 0,15 MW instalatu zituen 17 proiektutan, “eta horrek argi uzten du azkenaldian instalazio mota horri lotuta sortu den interesa”. Beraz, instalatutako potentzia %5.200etik gora igo da, eta proiektuen kopurua %1.600etik gora.
Azkenik, biomasako eta geotermiako instalazioei dagokienez, 6,6 MW termiko instalatu dira, bakoitzak %50 bilduz, aurreko ekitaldietako joerari jarraikiz.