Euskal AEko finantzaz besteko enpresen zorpetze osoaren ratioa % 46,1ekoa da, 2019an, Eustatek prestatutako datuen arabera. Horrek esan nahi du Euskal AEko finantzaz besteko enpresen aktiboaren erdia baino gutxiago inoren baliabideekin finantzatzen dela, eta 2018a baino ehuneko 1,5 puntu baxuagoa da. 2009tik –orduan hasi zen Finantzaz Besteko Enpresen Ondare Kontuen Estatistika egiten–, etengabe joan da murrizten, 2009ko % 60 inguruko balioetatik abiatuta, eta, hamar urteotan, hamar puntu baino gehiago murriztea lortu da. Adierazle horrek inoren funtsak eta baliabide guztiak lotzen ditu, eta aukera ematen du enpresa baten finantza-arriskua neurtzeko.

Azken urte honetan, zorpetze osoaren ratioa handiagoa da enpresa handietan (% 48,7) eta ertainetan (% 48,4), mikroenpresetan baino (% 41,9).

Hala ere, zenbait desberdintasun esanguratsuago egiaztatzen dira, enpresaren jarduera-sektorearen arabera. Hala, zorpetze osoaren ratio altuenak –guztiak % 60tik gorakoak– honako hauek dira, hurrenkera honi jarraikiz: Garraio-materiala (% 68,8), Beste zerbitzu batzuk (% 63,9), Ostalaritza (% 62,7) eta Telekomunikazioak (% 60,9). Beste muturrean, Produktu farmazeutikoak, Ur- eta saneamendu-hornidura eta Higiezinen jarduerak daude, guztiak % 30etik beherako ratioekin.

Berehalako denbora-ikuspegitik, zorraren kalitatearen ratioak lotu egiten ditu epe laburrera eska daitekeen enpresa baten zorra eta epe luzera eska daitekeena. Teorian, epemugak zenbat eta urrutikoagoak izan –eta ratioa ahalik eta txikiena izan–, hobea da zorraren kalitatea. 2019an, Euskal AEn zorraren kalitatearen ratioa % 61,1ekoa izan zen, 2018an baino 1,3 puntu handiagoa, eta ez zen alde handirik egiaztatu enpresen tamainen artean. Oraingoan ere, jarduera motak desberdintasun nabarmenak markatzen ditu: hamaika sektoretako ratioa % 70etik gorakoa da –besteak beste, nabarmenenak Edizioa, irudia eta telebista (% 76,3) eta Informatika (% 75,4) dira– eta beste batzuek –besteak beste, Telekomunikazioak eta Higiezinen jarduerak– ia ez dute % 30 gainditzen.

Azkenik, trinkotasun-ratioa, enpresek epe luzerako hartzekodunen aurrean eskaintzen duten bermearen isla dena, % 328koa da 2019an, eta aldatzen da Ehungintza, jantzigintza, larrugintza eta zapatagintzako sektorearen % 166,8tik Beste lanbide-jarduera batzuen sektorearen % 727,3ra, eta, 2018. urtearekin alderatuta, hogei puntu hobetu da.

Finantzaz besteko enpresen analisi ekonomikoa dela eta, errentagarritasun ekonomikoaren ratioak erakusten du enpresek haien aktibo guztien gainean eta, hori horrela, enpresa kudeatzeko eraginkortasunaren gainean lortzen duten batez besteko errendimendua. Zenbat eta handiagoa izan, orduan eta aktibo gutxiago beharko dituzte onura handiagoa lortzeko.

% 5eko batez besteko errentagarritasun ekonomikorako, enpresen tamainak zenbait aldakuntza sartzen ditu. Hala, enpresa txikiek (10 eta 49 enplegatu bitartean) errentagarritasun ekonomiko onuragarrienaren ratioa dute (% 5,6), eta hala da 2014. urtetik, nahiz eta adierazle horrek bi hamarren egin duen behera, aurreko urtearekin, 2018arekin, alderatuta. Bestalde, 50 enplegatuko edo gehiagoko enpresek sei hamarren egin dute aurrera, eta % 5,4ko errentagarritasun ekonomikoa lortu dute 2019an. Azkenik, mikroenpresek (1 eta 9 enplegatu bitartean), bi hamarreneko urte arteko hazkuntza izanik, % 4,3ko errentagarritasuna izan dute.

2019. urte honetan, honako sektore hauen errentagarritasun ekonomikoa nabarmendu behar da: Industria kimikoa (% 12,9) eta Produktu farmazeutikoekin eta Kautxu eta plastikoarekin lotutakoak (% 8,8 eta % 8, hurrenez hurren).

Finantza-errentagarritasuna dela eta, enpresak bere jardueraren bidez ondare garbitik abiatuta lortzen duen errendimendua adierazten du. Beste modu batera esanda, enpresak jabe edo akziodunei ordaintzeko duen gaitasuna. Errentagarritasun ekonomikoarekin gertatzen den bezala, 2019an luzatu egin da azken urteotako joera positiboa, zeinak ratio hori % 8,1ean kokatu baitu, 2018an baino lau hamarren altuago; zalantzarik gabe, eskuragarri dagoen serieko baliorik altuena.

Oraingoan ere, enpresa ertainak dira emaitzarik onenak izan dituztenak, % 9,4ko batez besteko finantza-errentagarritasuna izan baitute; ondoren, enpresa handiak (% 9,2) eta, azkenik, mikroenpresak (% 6,3).

Adierazle horretan, bederatzi sektorek lortu dituzte % 10etik gorako errentagarritasunak; Industria kimikoa eta Kautxua eta plastikoak sektoreak dira buru, errentagarritasun ekonomikoan bezala, finantza-errentagarritasunaren rankingean (% 20 eta % 16,3, hurrenez hurren). Aurreko horiei Garraio-materialaren sektorea gehitu behar zaie; haren finantza-errentagarritasuna % 16,2koa da.

Enpresen martxa ekonomikoaren ikuspuntutik beste neurri interesgarri bat Aktibo zirkulatzailearen errotazioaren ratioa da. Salmentak lortzeko aktibo korrontea zenbat aldiz erabili den islatzen du, eta, horrela, erabilgarri dauden baliabideen aprobetxamendua kuantifikatzen du. Ratio handi batek adierazten du eskuragarri dauden baliabideak ondo aprobetxatzen direla.

2019an, ratio hori 1,8 aldizkoa izan zen Euskal AEko enpresa ez-finantzarioetan, 2018ko bera. Bestela esanda, aktibo zirkulatzaileak 1,8 aldiz txandakatzen dira urtebetean eta, ondorioz, aktibo korrontea gai da urtebetean ia bi salmenta sortzeko.

Sektore batzuek aise gainditzen dute batezbesteko orokorra. Besteak beste, Ostalaritzak; izan ere, 3,6ko errotazio-ratioa du eta, beraz, batez besteko errotazioa bikoizten du. Bai eta Energia elektriko, gas eta lurrunaren sektoreak ere, 3ko ratioa izanik aise gainditzen baitu batezbestekoa. Beste muturrean, batetik beherako aktiboen errotazio-ratioak dituztenak daude, besteak beste: Higiezinen jarduerak (0,4), Kontsultoretza eta jarduera teknikoen sektorea (0,8) eta Eraikuntzarena. Sektore horiek guztiek urtebete baino gehiago behar dute beren aktibo korronteen salmenta gauzatzeko.

2019ko ekitaldian, ondare-masen egituraren analisiak finantzaz bestelako enpresen martxari buruzko xehetasun handiagoa eskaintzen dute. 2019an, aktibo finkoa edo ez-korrontea –epe luzerako negoziorako balio duten baliabideak– aktibo osoaren % 58,8 izan zen, eta aktibo zirkulatzailea gainerako % 41,2, hamarren bateko beherakadarekin lehena eta hamarren bateko gorakadarekin bigarrena, 2018arekin alderatuta.

Aldi berean, pasiboaren eta ondare garbiaren ondare-masaren barruan, baliabide propioei edo ondare garbiari zegokiona % 53,9 izan zen 2019an, eta ehuneko 1,5 puntu igo da, 2018arekin alderatuta; bestalde, epe laburrerako galdagarriaren (pasibo korrontea) partiden orotarakoan, pasibo korrontea % 28,2koa izan zen, eta ez zen aldaketa esanguratsurik erregistratu –hiru hamarren gutxiago–, eta epe luzerako galdagarriaren partidek (edo pasibo ez-korrontea) ehuneko 1,2 puntuko jaitsiera izan zuten, % 17,9koa izanik.

Denborazko ikuspegi zabalago batetik, ondare garbia –batez ere bazkideen ekarpenak, erreserbak eta mozkinak– pixkanaka handitzen joan da 2010. urtetik, zeinean % 43,5 izan baitzen, pasibo arruntaren kaltetan (% 30,6 urte hartan) eta, neurri handiagoan, pasibo ez-korrontearen kaltetan (% 25,8 2010ean).

Emaitza horiekin, Maniobra-funtsa, enpresa batek epe laburreko ordainketei erantzuteko duen gaitasuna, aktibo korrontearen eta pasibo korrontearen arteko diferentzia gisa kalkulatzen dena, positiboa da, eta 27.201 milioi eurokoa dela kuantifikatu da (aktibo osoaren % 13), 2018an baino lau hamarren puntu gehiago. Horrek esan nahi du behar adina baliabide sortzen direla epe laburreko zorrei garaiz erantzuteko, eta, gainera, aurreko urtean baino neurri handiagoan.

Egilea Andoni Beitia