MAIALEN MUSATADI / 2020-01-02/ Confebask Euskal Enpresarien Konfederakuntzak aurkeztu berri duen Koiuntura Ekonomikoaren Txostenean, 2020. urtean EAEko ekonomia %1,9 haziko dela eta 11.000 lanpostu sortuko direla aurreikusi du. Hala, elkarteak adierazi duenez, zazpigarren urtez jarraian igoko dira BPGa eta sortutako enplegua, izan ere, langabezia-tasa % 9ra iritsiko dela uste du (baxuena 2008tik). Hortaz, 2020aren amaierarako, aurreikuspena da Euskadin 2007an, krisiaren aurretik, zegoen enplegu maila gainditzea.

Hazkundea Europako eta Espainiako ekonomientzat aurreikusitakoarekin bat dator, horientzat, urtearen azken zatirako, hobekuntza iradokitzen baita, betiere ziurgabetasunak larriagotzen ez badira edo berririk agertzen ez bada.

Datorren urteari begira, euskal ekonomiaren hazkundearen gakoak, berriro ere, barne eskarian oinarritzen dira, hori izango delarik hazkundearen motorra, kanpo sektoreak –2019an bezala– ez baitio ekarpenik egingo hazkundeari, epe labur eta ertainera nazioartean dagoen jokaleku konplexuagatik.

Enplegua eta kontratu mugagabeak

2019an EAEn sotu den enpleguari dagokionez, afiliazioa 20.000 laguneko hazi da 2018ko abenduarekin alderatuta, eta 13.200ean geratuko da, zaintzaile ez profesionalak gehitzearen goranzko ondorioa zuzendu eta gero.

Edonola ere, elkartearen esanetan, 2019 urtearen amaieran Euskadin afiliatuen kopurua handiena izan da 2008tik, eta langabezi tasa %9,5ekoa izan da, baxuena 2009tik. Orain dela urte bat aurreikusitakoa baino portzentaje handiagoa da, eta motiboa jarduera tasa handitu egin dela da, enplegua aktiboki bilatzen duten pertsonen kopurua handiagoa izan delako.

Gainera, 2019 honetan zehar, Euskadin lan baldintzek hobetzen jarraitu dutela dio Confebaskek. Alde batetik, kontratu mugagabeak hazi egin direlako, eta, ekitaldiaren amaieran, 84.000 izango direlako. 2019an, kontratu mugagabea duten afiliatuen errekorra gainditu da, 550.000 pertsona izateraino.

Egilea Andoni Beitia