Euskal AEko industria-produkzioa, 2021eko irailean, 2020ko hil berean baino %3,1 handiagoa izan da. 2021eko lehenengo bederatzi hilabeteetako balantzearen amaieran, industria-jarduerak % 11,8ko igoera izan du, Eustatek jakitera eman duenez.

Iraila aurreko hilarekin, 2021eko abuztuarekin, alderatuta, Euskal AEko industria-produkzioa % 1,3 murriztu da, urtaro-ondorioak zuzendu ondoren.

2021eko iraileko indizearen bilakaera positiboa izan da industria-sektore handi guztietan, 2020ko irailarekin alderatuta. Kontsumo-ondasunek, orotara, % 10,3ko igoera izan dute. Kontsumo-ondasun iraunkorrek % 27,7ko igoera eduki dute, eta Kontsumo-ondasun ez-iraunkorrek, % 6,1ekoa. Kontsumo-ondasun iraunkorrak epigrafean altzariak eta etxeko tresnak fabrikatzeko jarduerak ageri dira. Elikagaien fabrikazioa, prozesatzea eta kontserbazioa, garbiketarako eta higienerako produktuen fabrikazioa eta jantziak egitea dira, besteak beste, Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren sektore handiaren barruko jarduerak.

Ekipo-ondasunak, non motordun ibilgailuen fabrikazioa, tren-makinen eta trenbideko materialaren egitea eta aireontziak edo itsasontziak egitea barruan dauden, % 3,8 igo dira; halaber, Bitarteko ondasunak % 0,9 igo dira urte artean (horien artean daude metalurgia eta metalezko produktuen fabrikazioa, industria kimikoa eta kautxuzko eta plastikozko produktuen fabrikazioa). Energia, bestalde, % 3,1 igo da 2021eko irailean. Sektore horretan sartzen dira energia elektrikoaren ekoizpena eta hornidura eta petrolioa fintzea.

Xehekiago, Euskal AEko industrian pisurik handiena duten sektoreen artean, 2021eko irailean urte arteko hazkunderik handiena izan dutenak izan dira Makineria eta ekipoa (% 9,9ko hazkundea), Zura, papera eta arte grafikoak (% 9,4koa) eta Elikagaien, edarien eta tabakoaren industriak (% 6,8koa). Aitzitik, urte arteko bilakaeran zeinu negatiboa izan duten sektoreak hauexek izan dira: Garraio-materiala (% 7,1eko jaitsiera) eta Kautxua eta plastikoak (% 5,1ekoa).

Iraileko Industria produkzioaren indizearen urte arteko bilakaera positiboa izan da Gipuzkoan (% 8,3ko igoera) eta Bizkaian (% 5,6koa). Araban, berriz, % 9,4 jaitsi da.

2021eko lehenengo bederatzi hilabeteetako metatuan, Gipuzkoa hazi da gehien (% 14,6), gero Bizkaia (% 10,3) eta, azkenik, Araba (% 9,8).

Egilea Andoni Beitia