Gasteizko Udaleko Sustapen Ekonomikoko Sailak 13,2 milioi euro inbertituko ditu datorren urtean gizartea eta ekonomia suspertzeko neurrietan.

Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zinegotzi Maider Etxebarriak eta Enplegu eta Merkataritzako zinegotzi ordezkari Igor Salazarrek agerraldia egin dute asteazken honetan Gasteizko Udalean, sail horrek datorren urterako izango duen aurrekontua aurkezteko.

Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo arloak 13,2 milioi euro izango ditu guztira, 2021ean baino % 1,4 gehiago. Hirugarren urtez jarraian gora egin du legegintzaldiak, eta sailaren aurrekontua % 83 igo da.

Etxebarriak azpimarratu duenez, “Iaz ez bezala”, orain “sentsazio onak daude arlo ekonomikoan”. Nolanahi ere, aitortu du beharrezkoa dela “zuhur jokatzea eta birusaren bilakaera zaintzea”.

Alkateordeak adierazi duenez, udal Gobernuak pandemiari aurre egiteko egindako kudeaketak “enpleguaren datuak, enpresen itxaropenak eta kontsumitzaileen konfiantza hobetzen lagundu du”. Esan duenez, 2022a “funtsezko urtea” izango da, eta, beraz, aurrekontuak “erresistentziaren etapa atzean uzteko balio behar du, suspertzean aurrera egiteko”.

Enpleguaren arloak 7,9 milioiko zuzkidura izango du 2022an; horrek esan nahi du Ekonomia Sustapenaren aurrekontuaren % 60 arlo horretara bideratuko dela. Batura horretan, Lanbideren bidez kontratatzeko partidak, eragile ekonomikoekin egindako hitzarmenak eta enpleguaren egonkortasunerako udal-deialdia sartuko dira.

Etxebarriak eta Salazarrek aurkeztu duten proiektu ekonomikoak Merkataritza eta Ostalaritza Zerbitzurako gehikuntza jasotzen du, eta 1,5 milioi euroko aurrekontua esleitu zaio, 2021ean baino % 13,5 gehiago.

Kapitulu honetan sustapen-kanpainetarako laguntzak, hitzarmenak edo Gabonetako argiztapena sartzen dira. Atal honetako partiden artean, merkatuetako inbertsioei buruzkoa nabarmentzen da, 125.000 eurora iristeko bost aldiz biderkatzen dena.

Bestalde, sailaren aurrekontuko 1,4 milioi euro biltzarretara eta turismora bideratuko dira, hau da, aurten baino % 11 gehiago. 2022rako aurrekontuak sektorearen lehiakortasuna hobetzeko, turismoa sustatzeko, Umbra Light Festival bezalako ekitaldiak antolatzeko edo Europa eta Villa Suso jauregietan hobekuntzak egiteko aukera emango duten partidak biltzen ditu.

Sektorearekin lankidetzan aritzeko jarduerak ere aurreikusten dira, bai eta kanpoko kongresu, ekitaldi edo kanpainen bidez hiria sustatzen duten proiektuetarako laguntzak ere.

Etxebarriak Udaleko talde politiko guztien “indarrak batzeko” beharra azpimarratu du, baita erakundeen arteko harremanak sustatzeko beharra ere, krisitik irteterakoan.

“Edozein iradokizun egiteko eta denekin adosteko prest gaude. Akordio on bat lortzea espero dugu, ulertezina izango litzatekeelako hiria 2022an aurrekontuak luzatzera behartuta egotea, urte hori funtsezkoa baita susperraldirako “, azpimarratu du.

Egilea Andoni Beitia