Joan den urriaren 1ean oinarri orokorrak argitaratu ondoren, Euskadin ekoizpen berriztagarria bultzatzeko laguntza berriak azaroaren 11n sartuko dira indarrean. 2023ra arte 37 milioi euro baino gehiago kudeatuko dira autokontsumorako aprobetxamendu berriztagarriak ezartzen, biltegiratzen eta beroa lortzeko iturri berriztagarriak instalatzen laguntzeko.

Laguntza horien barruan sartzen da iturri berriztagarrien bidezko autokontsumo elektrikoa, hala nola eguzki-kontsumo fotovoltaikoa eta 5 MW-eko potentzia maximoa duen minieolikoa, bai eta sortutako energia biltegiratzeko sistemak ezartzea ere, eta horrek bereziki lagunduko du energia ekoizteko orduak hura kontsumitu beharreko orduekin doitzen. Gainera, programa berriak ustiapen berriztagarri ez-elektrikoetarako epigrafe espezifiko bat ezartzen du, hau da, beroa iturri berriztagarrien bidez sortzea, hala nola biomasa, eguzki-energia termikoa, geotermia eta aerotermia. Diruz lagundutako teknologia horiek guztiek, adibidez, etxebizitza baten behar elektrikoak hornitu ditzakete, bai eta bertan erabilitako ur beroa eta berogailua ere.

Laguntza-programa zabala da, hainbat teknologia eta sektore hartzen baititu. Sei pizgarri-programatan banatuta dago, diruz lagundutako modalitatea edo teknologia eta xede duen sektorea konbinatzen dituztenak. Gainera, laguntzek intentsitate desberdina izango dute, teknologia bat edo bestea erabiltzen den, instalazioaren potentzia edo biltegiratzeko gaitasuna zein eskatzailearen izaera (partikularra, administrazio publikoa edo enpresa) kontuan hartuta. Pizgarri horiek, oro har, 4.000 instalazio berriztagarri berri baino gehiago martxan jartzen lagunduko dutela espero da.

Zerbitzuen sektoreari eta ekoizpen-sektoreei zuzendutako 1., 2. eta 3. programek autokontsumo berriztagarria eta biltegiratze-sistemen ezarpena hartzen dituzte barne. Laguntza bat jaso ahal izango dute, % 15etik % 50era bitartekoa, instalazioaren potentziaren eta eskatzailearen izaeraren arabera.

Laugarren programak autokontsumorako instalazioak babestuko ditu, eta bizitegi-sektoreari eta administrazio publikoei zuzenduta dago, baita hirugarren sektoreari ere (GKEak, irabazi-asmorik gabeko erakundeak eta abar). Kostu hautagarriaren % 70eraino irits daitezkeen laguntzak dituzte, sektorearen eta autokontsumoaren arabera. Laguntzaren babes edo intentsitate handiena duten sektoreak dira; hala, 2019ko lege-aldaketaren ondorioz jada berpiztu diren sektore horietan iturri berriztagarrien ezarpena sendotzea espero da, eta nabarmen areagotuko da pizgarri berriei esker.

Bosgarren programa sektore horietara bideratuko da, lehendik dauden eta bateriarik ez duten instalazioetan biltegiratze-sistemak sartzeko. Kostu hautagarriaren % 50era arteko laguntza eman ahal izango da.

Azkenik, 6. programa instalazio berriztagarri termiko berriak laguntzera bideratuko da, besteak beste, eguzki-energia termikoa, biomasa, geotermia eta aerotermia erabiltzen dituztenak (ur bero sanitarioan eta berokuntzan aplika daitezkeenak). Laguntzak kostu hautagarriaren % 20 eta % 60 artekoak izango dira, teknologien arabera.

Kasu guztietan, eskaera bakoitzari emango zaion laguntzaren intentsitate espezifikoa egoera bakoitzaren kalkulu indibidualizatuaren, aplikatutako teknologiaren eta zuzkidura handitu dezaketen laguntza-programaren oinarrietan ezarritako beste baldintza batzuen araberakoa izango da, adibidez, 5.000 biztanletik beherako udalerri batean egindako autokontsumorako instalazioen kasuan.

Laguntza horien ezaugarri garrantzitsu bat helburu bera duten edozein administraziotako beste laguntza batzuekin bateraezinak izatea da. Programak izapidetze elektronikorako online plataforma bat izango du herritar guztien eskura, Energiaren Euskal Erakundearen www.eve.eus web korporatiboan kokatua, eta azaroaren 11tik (osteguna) aurrera egongo da martxan, laguntza eskatzeko espedienteak izapidetzen hasteko.

Avatar

Egilea Andoni Beitia