Merkataritzako salmentek % 7,2ko hazkundea izan dute

Merkataritzaren sektorean (hau da, Handizkako merkataritza, Txikizkako merkataritza eta Motordun ibilgailuen salmenta eta konponketa) % 1,4 igo dira salmentak urte artean, prezio konstanteetan eta behin kenduta egutegi-eraginak, 2021eko hirugarren hiruhilekoan, Eustatek landutako datuen arabera. Salmenten urteko lehenengo hiru hiruhilekoetan metatutako gehikuntza % 7,2koa izan da.

Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, urtaroen eragina kenduta, salmentak % 0,5 igo dira 2021eko hirugarren hiruhilekoan.

Merkataritzaren barruan, salmenta errealen urte arteko bilakaera negatiboa izan da, bai Motordun ibilgailuen salmenta eta konponketan (% 17,0), bai Txikizkako merkataritzan (% 2,0). Handizkako merkataritzan, aldiz, % 8,1eko igoera erregistratu da 2020ko hirugarren hiruhilekoaren aldean.

Hiruhileko arteko terminoetan, hiruhileko honetako salmentak % 0,5 gehitu dira. Sektoreei dagokienez, Motordun ibilgailuen salmenta eta konponketan (-% 1,1) eta Txikizkako merkataritzan (-% 0,5) salmentek behera egin dute; Handizkako merkataritzan, berriz, % 0,7ko igoera izan da.

Urte arteko alderaketa eginik, salmentak hiru Lurraldeetan hazi dira. Gipuzkoak izan du igoerarik handiena (% 1,9), gero Bizkaiak (% 1,3) eta, azkenik, Arabak (% 0,5), aurreko urteko hiruhileko beraren aldean.

2021eko hirugarren hiruhilekora arteko kopuru metatuan, ikusten da Araba dela hazkundearen buruan (% 9,6), gero Bizkaia dator (% 6,8) eta, azkenik, Gipuzkoa (% 6,5).

Euskal AEko Merkataritzako langile okupatuen indizea % 1,9 igo da 2020ko hirugarren hiruhilekoaren aldean, eta % 1,0 aurreko hiruhilekoaren aldean.