MAIALEN MUSATADI / 2020-01-03/ Eusko Jaurlaritzaren mendeko Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak 37,6 milioi euro zuzendu zituen 2019. urtean lankidetzako eta hezkuntzako proiektuak, ekintza humanitarioa eta beka berriak finantzatzera. Diruz lagundutako ekimenek balioko dute emakumeen ahalduntzerako, giza eskubideen defendatzaileak babesteko, errefuxiatuak eta desplazatuak laguntzeko edota erakundeak sendotzeko, besteak beste.
Zehazkiago, erakundeak hainbat dirulaguntza ematen ditu urtean garapenerako lankidetzako, garapen produktiborako eta gizartea eraldatzeko hezkuntza proiektuetarako, ekintza humanitariorako, dirulaguntza zuzenetarako, beka eta programetarako, eta Ignacio Ellacuria sarirako, Eusko Jaurlaritzako iturriek jakinarazi dutenez.
Horrela, bukatu berri den urteko deialdian, 30 milioi euro bideratu zituen garapen produktiborako eta gizartea eraldatzeko hezkuntzako 69 proiektu <nantzatzera. Erakundearen lehentasun estrategikoak jarraituz, lerro honetan onartutako ekimenen %36 emakumeen ahalduntzeari zuzenduta zeuden, eta %20 Afrikan egingo dira. Beste proiektuak askotariko esparruak jorratuko dituzte: herri indigenekin lana, eredu ekonomiko solidarioak eta jasangarriak, lurralde eta eskubideen defentsa edota komunikazioa.
Bestalde, ekintza humanitarioko esku hartzeetarako laguntzetara 3,9 milioi euro bideratu ziren. Lerro honetako laguntzek krisi humanitarioen eraginpeko pertsonak babesteko ekimenak bultzatzen dituzte, bereziki, gatazka testuinguruak eta epe luzeko bestelako indarkeria egoerak. Bi modalitate lagundu ziren diruz: alde batetik, ekintza humanitarioko proiektuak, eta, bestetik, ekintza humanitarioko estrategiak.
Gainera, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lehentasun estrategikoetan kokatzen diren eta deialdien bidez bete ez diren 20 proiektuetara beste 3,3 milioi euro bideratu ziren. Ekintza humanitarioan, gatazken eraldaketa eta bakearen eraikuntzan, hezkuntzan eta ikerketan, garapena Afrikan eta garapenerako eragileen sendotzean kokaturiko ekimenak izan ziren.
Halaber, erakundeak 148.319,29 euro banatu zituen bost laguntzetan, gobernuz kanpoko erakundeek genero ekitateen aldeko barne antolaketa eta aldaketa prozesuak bultza ditzaten. Erakunde barruan funtzionamendu maila guztietan egon daitezkeen genero desberdintasunak ezabatzeko prozesuak eta ekintzak sustatzea da helburua.
Laguntzak eta bekak
Bestalde, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak ia 200.000 euro bideratu zituen 2019an 11 pertsonen egonaldia luzatzeko pobretutako herrialdeetako Nazio Batuen Erakundeko (NBE) bulegoetan. Gainera, garapenerako lankidetzan espezializatzeko eta prestatzeko lau beka eman zituen; zehazki, bekadunek Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentziako egoitzan urtebete emango dute eta genero eta garapena, Afrikarekin lankidetza, ekintza humanitarioa eta gizartea eta eraldatzeko hezkuntza eta komunikazioa alorretan arituko dira.
Gainera, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programa <nantzatu zen joan den urtean, beste behin, Gazteria Zuzendaritzarekin batera. Horren bidez, 98 gaztek aukera izan zuten Hegoaldeko herrialdeetan boluntario gisa esperientzia bat izateko.
Azkenik, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak Ignacio Ellacuria sariak sustatu zituen beste urte batez. Berdintasunaren eta justiziaren alde borrokan diharduten erakundeen, kolektiboen eta pertsonen ekarpena aintzat hartzen dute sariok, eta ezagutzera ematen dituzte pertsona horiek garapenaren alde egiten dituzten lorpenak eta ekarpenak, euskal gizartea sentsibilizatzeko.