Eusko Jaurlaritzak merkataritzaren modernizazioa bultzatuko du 2022an

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak adierazi duenez, datorren urtean euskal merkataritzaren “modernizazioa bultzatuko da”, berrikuntza- eta digitalizazio-programen zenbatekoa handituta.

Hurtadok adierazpen horiek egin ditu Erretaileko Euskal Eskolaren I. Jardunaldiaren amaieran. Jardunaldi horren helburua “Euskadiko hiri-ekonomiako negozioak eta retaila motibatzea eta bultzatzea da, beren jarduerak berritu ditzaten eta horrela lehiakorragoak izan daitezen”.

Retaileko Euskal Eskola Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren proiektua da, eta honako helburu hauek ditu: Retail sektorerako prestakuntza-eskaintza integrala eskaintzea, sektoreko langileen kualifikazio-beharren eta prestakuntza-eskaintzaren arteko lotura areagotzea, eta ezagutzak eta kudeaketa-tresnak modernizatzen laguntzea.

Sailburuak adierazi duenez, 2022ko aurrekontuek “modernizazioa bultzatuko dute, berariaz saltokiei zuzendutako berrikuntza- eta digitalizazio-programen zenbatekoa handituta”.

Era berean, Retaileko Euskal Eskolaren prestakuntza-programaren jarduera aipatu du, “Hurbileko merkataritza eta beste eredu batzuk bereizteko zereginean”. Hurtadok adierazi duenez, “Funtsezko elementuak dira giza faktorea, kualifikazioan, hurbiltasunean, ekimenean eta bezeroaren eta produktuaren ezagutzan”. “Merkataritzaren eraldaketa gaitasun profesionaletik eta administrazioen laguntzatik, jarduerarekiko erakarpenetik eta ekintzailetzatik abiatu behar da”, gaineratu du.

Jardunaldiaren irekiera Eusko Jaurlaritzako Merkataritzako zuzendari Elena Morenok eta Gipuzkoako Ganberako presidente Pedro Esnaolak egin dute, eta berrikuntza-tresna nagusiak, negozioetan berrikuntzak egin dituzten euskal saltokien arrakasta-kasuak, egungo testuinguru komertzialeko eredu berriak eta bezeroarenganako orientazioa “negozioak berritzeko eta hobetzeko tresna indartsua” izan daitekeela azaldu dute.